Duela ia urtebete ekin zioten Gernika parkean dagoen tren geltoki zaharra eraberritzeari. Urolako trenak Zumaiako portuan zuen merkantzietarako geltoki zaharra, anbulatorio ere izan zen XX. mende amaieran. Urte askoan utzita egon eta gero, turismo bulego berria bertan kokatzea erabaki zuen udalak. Ez hori bakarrik: Zumaiako Industria-ondarearen Informazio Zentroa (ZIIZ) elkarteak bildutako materiala ere bertan erakutsiko zuen, era horretara herriko industria ondariari aitortza eginez.
Iazko martxoan hasi zituzten eraikina eraberritzeko lana. Eraikin babestua izanik, haren ezaugarriak mantendu dituzte ahalik eta gehien. Kanpoaldera begira, urteetan zehar pilatutako pintura kendu zuten bere unean, eta orain ari dira berriro ere fatxada eta hormak margotzen, lehen zuen zuri eta urdin koloreak errespetatuz.