Gaztetxolak eta Zumaiako Emakumeon Etxeak elkarlanean antolatutako mural tailerra egingo dute gaur, 17:00etatik aurrera, Gernika parkearen alboan dagoen Gaztetxolan. Maider Leturiagak eta Esti Unanuek dinamizatuko dute tailerra, eta 11 eta 16 urte bitarteko gaztetxoek izango dute parte hartzeko aukera.
Jardueraren antolatzaileek aditzera eman dutenez, Martxoaren 8a, Emakumeen Nazioarteko Eguna hartuko dute testuinguru bezala, eta teknika eta material desberdinekin muralak egiten ikasiko dute aurrez izena eman duten gaztetxoek. "Taldean sortzeko espazioa izango da, eta tailerraren amaieran denon artean egindako muralak herriko txoko desberdinetan jarriko ditugu, gure ahotsak eta mezuak kalera ateratzeko", gaineratu dute.