Gaur aurkeztu dute Durangoko Ezkurdi pilotalekuan emakumeen Winter Series txapelketa. Aurtengo aldiak bikote bat gehiago izango du iazkoarekin alderatuta, baita jardunaldi bat gehiago ere. Guztira, hamabi puntista arituko dira, sei bikotetan banatuta, eta horien artean izango da Frida Watkins atzelari zumaiarra. Winter Serieseko edizio honetan Erika Mugartegirekin osatuko du bikotea.
Datorren astelehenean ekingo diote txapelketari, final laurdenekin. Jardunaldi horretan ariko dira Mugartegi eta Watkins, eta Lur Lejardi eta Maialen Aldazabal izango dituzte aurkari. Partida irabazi duen bikotea finalerdietara pasako da, eta Elaia Gogenola eta Eneritz Lizardi izango dituzte zain.
Durangon jokatuko duten txapelketak master seriesen kategoria izango du. Irabazleek 1.000 puntu jasoko dituzte; 600 puntu txapeldunordeek, 360 puntu finalerdietara helduko direnek, eta 180 puntu final laurdenetan kanporatuta geratuko direnek.