Memoria eta aitortza, irudietan

Juan Luis Romatet 2026ko otsailaren 27a

Idoia Telleria argazkilaria eta Esther Eizagirre dinamizatzailea, Oxford aretoan. (Juan Luis Romatet)

Emakumeon Etxeak 2024an abiatu zuen memoria ariketaren emaitza izango da ikusgai datozen egunotan, Oxford aretoan muntatutako erakusketan.

Emakumeak protagonista dituzten zuri-beltzezko dozenaka argazkik jantziko dute Alondegiko Oxford aretoa datozen egunotan. Martxoaren 15era bitartean, Ez ahazteko gogoratuz. Herriko historia eta emakumeen memoria argazkitan erakusketa izango da ikusgai Erribera kaleko aretoan. Irudien bidez, Zumaiako emakumeei aitortza egin nahi diete. 

Zumaiako Emakumeon Etxean 2024ko udazkenean abiatu zuten memoria ariketaren emaitza da orain erakusketa moduan zabaldu dutena. Saio haietan parte hartu zuten emakumeei eskatu zieten etxean gordeta zituzten argazkiak eramateko, "gero haien inguruan hausnarketa egiteko", azaldu du Emakumeon Etxeko dinamizatzaile Esther Eizagirrek. "Argazkiez hitz egiterakoan askotariko gaiak atera dira, eta ikusi dugu emakume horien izaeran eta bizitzako etapetan zer eragin izan duten arlo desberdinek, hala nola eskolak, lanak edo etxeko lanek", gaineratu du.

Ariketak izandako izaera librea ere nabarmendu du Eizagirrek. Haren esanetan, "ez da ariketa historiko zehatz bat izan, garai konkretu baten inguruko lanketa egiten duena; memoria ariketa libreagoa izan da, bakoitzaren bizipenetatik edo sentipenetatik abiatuta egin dena". 

Eremu pribatuetan

Idoia Telleria argazkilariak gidatu du Emakumeon Etxean egindako ariketa. "Hasiera batean bost saioko ariketa izan behar zuen, baina luzatu egin zen, eta seigarren bat ere egin genuen. Saio horietan ikusi genuen bildutako argazkiekin erakusketa bat egin zitekeela", azaldu du Telleriak. Ariketa ixteko azken saio bat ere egin zuteln: "Esateko erakusketa egingo genuela, eta eramandako argazkiak erakutsiko genituela".

Irudi horietan herriko emakumeak ikus daitezke espazio publikoetan, baina baita eremu pribatuetan ere. "Azkenean, Fototekatik hartutako hiruzpalau argazki izan ezik, hemen erakusten ari garenak partaide horien argazki pertsonalak dira, emakumeek beraiek saioetara eramandakoak". 

Telleriaren iritziz, emakume horien bizitza askoz intimoagoa erakusten dute irudiek. "Kalean agian ez, baina etxean gertatu ziren gauza horiek erakusten dituzte. Erakusketa ikusgai ez zeuden bizitza horiek ikusarazteko modua da", adierazi du.

Oxforden zabaldutako erakusketa emakumeei aitortza egiteko modua dela ere azaldu du argazkilariak, "herriko iruditerian erakusteko hor egon direla, eta ikusteko zer ekarpen egin dioten herriko kulturari edo ekonomiari, baita zaintzan zer ardura hartu duten ere". Azkenean, Telleriaren hitzetan, "komunitatea sostengatzeko lan handa egin dute". Gaineratu du emakume horiek ez direla erreferentziazkoak izan, "gizonak izan diren bezala". Zera erantsi du: "Emakume horien aurpegiak, ahotsak eta hitzak ez dira kontuan hartu, ezta beraiek egindako lan guztia ere. Horiek berreskuratzeko modua izan da erakusketa".

Artelanak ere bai

Erakusketa martxoaren 15era arte bisitatu ahal izango da. Argazkiak izango dira haren osagai nagusiak, baina Aran Santamaria, Irene Irureta eta Olatz Goiburu artistek ere kolaboratu dute proiektuan, eta haien lanak ere erakutsiko dituzte.

Lanketan zehar, emakumeak elkarrizketatu zituzten, eta haien aipu batzuk ere tartekatu dituzte irudien artean. "Esaterako, txikitan, beraien gaztaroan, gertatu zitzaizkien pasarteak gogoratzen dituzte", dio Esther Eizagirrek.

Erakusketak iraungo duen denboran bisitak ere egingo dituzte, ikastetxeetako ikasleekin, baina baita Eguneko Zentroko edo Otezuri zentroko egoiliarrekin ere.

Egunero izango da erakusketa zabalik, astelehenetik igandera, arratsaldeetan, 18:00etatik 20:00etara. Larunbat eta igandeetan eguerdian ere bisitatu ahal izango da, 12:30etik 14:00etara bitartean.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide