I. Enor Eguna egingo dute gaur arratsaldean gaztetxean

Juan Luis Romatet 2026ko otsailaren 28a

Ay Dragmela kolektiboko kideak. (Ay Dragmela)

Drag tailerra, dokumental baten proiekzioa eta afaria izango dira, besteak beste, 17:00etatik aurrera. 

Enor asanblada transfeministak bere eguna ospatuko du gaur arratsaldean, Torreberri Gaztetxean. 17:00etan emango diote hasiera eguneko jarduerei, eta gauera bitartean ekintza desberdinak gauzatuko dituzte. 

Asanbladako kideen arabera, gaurkoa urteroko hitzordu bilakatzea izango litzateke helburua, eta gaineratu dute iazko urrian egindako aurkezpen ekitaldian antzeman zutela beharre zegoela "espazio aske, eroso eta seguruak" sortzeko herrian pertsona queerrentzat. Behar horri erantzunez sortu dute Enor Eguna, eta gaineratu dute "egitarau osoa emakume eta sexu-genero disidenteentzat izango da". 

17:00etan ekingo diote aurtengo Enor Egunari, drag tailerrarekin. Ay, dragmela! kolektiboko kideek gidatuko dute jarduera. Haien esanetan, Santutxuko Karmela gune autogestionatuan biltzen den drag familia disfuntzionala da Ay, dragmela!. Performatzea, komunitatea sortzea eta drag komertzialaren aurrean alternatibak sortzea dutela helburu ere adierazi dute. "Tailerrean taldean generoa, makillajea, gorputza eta performancea esploratzeko espazioa sortuko dugu", gaineratu dute.

Haren amaieran, 18:00etan, Paris is burning dokumentalaren proiekzioa izango da. Film horrek, New York (AEB) hirian bizi diren drag queenetan eta haien etxe kulturan jartzen du arreta, komunitate sentimendua eta laguntza ematen diena artista dotore eta askotan sozialki baztertu hauei. 

21:00etan egingo duten afariaren ondoren –izen emate epea otsailaren 24an amaitu zen–, "eta behin jendea drageatuta", karaokea izango dute, "biak erabat osagarriak baitira".

Bollobertsoafarirako txartelak salgai

Egunean zehar salgai izango dira Martxoak 8aren harira Zumaiako Mugimendu Feministak antolatu duen bollobertsoafarirako txartelak. Martxoaren 6an egingo dute, ostiralean, eta afari mistoa izango da. Haizea Arana eta Maddi Aiestaranek kantatuko dute.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide