Datorren igandea da martxoaren 8a, Emakumeen Nazioarte Eguna, eta horren harira ekitaldi desberdinak egingo dituzte herrian. Emakumeen aldarria ozen entzungo den egun horri lotuta, Emakumeen Nazioarteko Egunaren inguruko adierazpena irakurri eta onartu zuten pasa den ostegunean egin zuten otsaileko ohiko udalbatzarrean; adierazpena Zumaiako Udalean ordezkatuta dauden hiru alderdietako zinegotziek onartu zuten, ahobatez.
Idatzian adierazten da emakumeen eta gizonen arteko "berdintasun erreal eta eraginkorrarekin" duten "konpromisoa" irmoki berresten duela udalak. Gaineratzen du, baita ere, jakitun direla "emakumeen eta gizonen arteko desberdintasun estrukturala ukatzen duten, indarkeria matxista zalantzan jartzen duten eta feminismoa mehatxu bat balitz bezala gutxiesten duten" diskurtsoak areagotu egin direla azken aldian. Horren aurrean, "ahotsa irmo" altxatzen dutela gaineratzen du, "emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna defendatzeko eta aldarrikatzeko".
Mugimendu feministen aurkako diskurtso horiek "oinarrizko konkistak zalantzan jartzea, nahasmendua sortzea eta indarkeria matxistaren existentzia deslegitimatzea" helburu dituztela dio. "Feminismoaren aurkako diskurtsoak erasoaldi politiko eta kolektiboki antolatua osatzen dute, eta eztabaida publikoan ezin dira beste iritzi bat bezala onartu", azpimarratzen du.
Hala, udalak dei egiten die herritarrei zein erakundeei "batuta eta elkartuta irmo egon gaitezen lortutako eskubideak defendatzeko eta, atzera pausurik gabe, emakumeen eta gizonen arteko berdintasun erreal eta eraginkorrerantz aurrera egiten jarraitzeko".
Horrekin batera, konpromiso batzuk ere hartu ditu, hala nola:
- Baliabideak eta egiturak zaintzea, babestea eta indartzea, gure udalerrian berdintasun-politikek aurrera egiten jarrai dezaten.
- Indarkeria matxista desagerrarazteko bideak jorratzea eta hau pairatu duten emakumeei behar duten laguntza eskaintzea.
- Berdintasun-planaren bidez, gobernantza ereduaren inguruan lan egiten eta emakumeen boteretzea sustatzeko bideak ezartzen jarraitzea.
- Hezkidetza-mahaia sustatzea eta indartzea, berdintasunean hezten duen herria izateko.
- Aliantzak eta lankidetzak sustatzea Mugimendu Feminista edota tokiko beste eragileekin, berdintasunezko gizarte parekidea lortzeko bideak jorratzen segitzeko, eta bizikidetza-espazioetan eta komunitate birtualetan feminismoaren aurkako jarrerak eteteko.
Amaitzeko, Mugimendu Feministak deituta datorren igandean egingo dituzten mobilizazioetan parte hartzera deitu ditu herritarrak.