Teruelera joango da Indamendi Aste Santuko txangoan

Juan Luis Romatet 2026ko martxoaren 3a

Albarracin. (Wikipedia)

Apirilaren 2tik 6ra bitartean egingo dute txangoa, Aste Santuarekin batera, eta bertan parte hartzeko izen ematea zabaldu dute dagoeneko. 

Ohikoa duen bezala, Aste Santurako txangoa antolatu du Indamendi mendi bazkunak. Apirilaren 2tik 6ra bitartean egingo dute aurtengo irteera, eta Teruel (Aragoi, Espainia) inguruko mendiak igotzen arituko dira. 

Ostegunean, apirilaren 2an, aterako dira Teruel alderantz. Egun horretan bertan, arratsaldean, Albarracin herria ezagutuko dute. Txangoko lau gauak, ordea, Cella herrian igaroko dituzte. Hurrengo lau egunetan arituko dira mendiak igotzen.

Ostiralean, apirilaren 3an, Mogorrita (1.864 metro), Cuencako sabaia dena, eta San Felipe (1.838 metro) tontorrak igoko dituzte. Ibilaldia Cuervo ibaiaren sorburuan amaituko dute. Guztira, 22,4 kilometro egingo dituzte. Ibilaldiak 700 metroko desnibel positiboa eta 875 metroko desnibel negatiboa ditu.

Larunbatean, apirilaren 4an, Javalambre (2.019 metro) mendia igoko dute. Ibilaldia Javalambre eski estazioan hasiko dute bidea, eta Camarena de la Sierran amaitu. Guztira 10,4 kilometroko ibilaldia izango da, 180 metroko desnibel positiboa eta 730 metroko desnibel negatiboa dituena.

Igandean, apirilaren 5ean, Peñarroya (2.018 metro), Teruelgo sabaia, igoko dute. Ibilaldia Valdelinares eski estazioan hasiko dute, eta Alcala de la Selvan bukatu da. Ibilaldiak, guztira, 12 kilometro izango ditu, 200 metroko desnibel positiboarekin eta 780 metroko desnibel negatiboarekin.

Amaitzeko, astelehenean, apirilaren 6an, Caimodorro (1.936 metro) igoko dute; Orihuelako portuan hasi, eta Orihuela del Tremendalen bukatuko dute. Ibilaldiak 11,4 kilometro izango ditu, eta 490 metroko desnibel negatiboa eta 700 metrokoa desnibel positibo ditu.

Izen ematea zabalik

Txangorako izen ematea zabalik dago dagoeneko. Bazkide diren helduek 350 euro ordainduko dituzte; 400 euro bazkide ez diren helduek; eta 300 euro adin txikikoek. Diru sarrerak Laboral Kutxako ES27 3035 0037 44 0370007083 kontu korrontean egingo dira. Behin diru sarrera eginda, ordainketa agiria bazkuneko indamendi1@gmail.com helbide elektronikora bidali beharko da. Izena emateko epea martxoaren 15ean itxiko da.

Indamendik argitu du txango horretan parte hartzeko ezinbestekoa izango dela mendian federatua egotea edo aseguru pribaturen bat izatea.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide