Emakumeen Winter Series zesta punta txapelketako final laurdenak jokatu zituzten atzo Durangoko Ezkurdi pilotalekuan. Bi izan ziren atzo jokatutako partidak eta arratseko bigarrenean aritu zen Frida Watkins puntista zumaiarra.
Erika Mugartegirekin osatu du bikotea txapelketako aurtengo aldian, eta Lur Lejardi eta Maialen Aldazabal izan zituzten atzo aurkari finalerdietarako txartela lortzeko lehian. Partida bi jokotan erabaki zen Markina-Xemeingoaren eta Zumaiakoaren alde: 15 eta 14 emaitza izan zen lehenengo jokoan, eta 15 eta 10 bigarrengoan.
Garaipen horrekin, finalerdietan egoteko txartela eskuratu dute Mugartegik eta Watkinsek. Datorren astelehenean jokatuko dute partida, Durangon, Elaia Gogenola eta Eneritz Lizardiren aurka.