Ostiraleko 'bollobertsoafarirako' txartelen salmenta epea luzatu du Enorrek

Maddi Txintxurreta 2026ko martxoaren 3a

Torreberri gaztetxea.

Maddi Aiestaran eta Haizea Arana ariko dira bertsotan Martxoaren 8aren harira Enorrek ostiralerako antolatu duen afariak. Afaria irekia izango da, hau da, edonork izango du joateko aukera.

Enor asanblada transfeministak ostiralerako antolatu duen bertso afarirako txartelen salmenta epea luzatu duela jakinarazi du. Tiketak Emakumeon Etxean eta Txikixa tabernan egongo dira salgai, eta osteguna izango da erosteko azken eguna. 

Herriko hainbat eragilek, horien artean Enorrek, bat egin dute Emakume Langileen Nazioarteko Egunaren bueltako egitaraua prestatzeko, eta ostiraleko bollobertsoafaria izango da lehenengo ekintza. 21:00etan hasita, Maddi Aiestaran eta Haizea Arana bertsolariak ariko dira kantuan Torreberri gaztetxean.

Enorrek adierazi duenez, Martxoaren 8ko borroka eguna "patriarkatuaren kontrako plaza nagusia" bilakatu da azken urteetan, eta ziurtatu du patriarkatua suntsitzeko ezinbestekoa dela "emakumeak kapitalismoarentzako eskulan modura erabiltzen duen zisheteroaraua haustea". "Horretarako, subjektu feministok, hau da, sexu-genero disidenteok eta emakumeok, saretzeko espazioak sortu behar ditugu momentu honetan, identitateetatik haratago", aldarrikatu du.

Afari irekia

Enor taldeak jakinarazi duenez, bertso afarian "bollerak kantatuko dute", eta langile klaseko emakumeei eta desbideratuei eragiten dieten gaiak jorratuko dituzte ikuspuntu transfeminista batetik; hala ere, afari irekia izango da, hau da, edonork izango du joateko aukera. "Pertsona guztiak dira ongi etorriak, ez jarrera guztiak", zehaztu du asanblada transfeministak.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide