Jon Urutxurtu Bengoetxeak idatzitako Manuel de Ynchausti eta Lurdesko Euzko Haur-etxea kolonia (Jatsu, 1937-1939). 34 euskal gerrako haurren babes-etxea liburua aurkeztuko dute bihar arratsaldean, hilaren 4ean, Alondegiko Oxford aretoan. Saioa 18:30ean hasiko da, eta euskaraz emango dute.
1936ko Gerra hasiko eta gutxira jazotako gertaera bat kontatzen du Urutxurtuk historia liburu horretan. 1937. urtean kolonia edo haur-etxe bat antolatu zuen Manuel Ynchaustik Lapurdiko Jatsu herrian. Bertan, bi urtez, Gerratik erbesteratutako 34 ume hartu zituzten kolonia horretan. Horietatik hiru Zumaiakoak ziren: Edurne eta Iñaki Egino, eta Josu Arrizabalaga.
Umeak zaintzeaz gain, haur haien osasunaz eta heziketaz arduratzen ziren. "Andereño eta zaindari euskaldunekin, euskal kantak eta dantzak transmititu zizkieten, inguruko naturan eta gizartean barneratuta. Gerra giro betean, eskola euskaldun, aitzindari eta eredugarria izan zen", adierazi dute biharko ekitaldiko arduradunek. Hala, liburuak kolonia haren historia kontatzen du, baita haren sustatzaile izan zen Ynchustiren berri eman ere.