Danele Sarriugarteren (Elgoibar, Gipuzkoa, 1989) hitzen eta Miren Narbaiza Mice musikariaren (Eibar, Gipuzkoa, 1986) doinuen josketak ehundu dute Kaixo, karis emanaldi literario musikatua. Gaur aurkeztuko dute, 18:30ean, Zumaiako Emakumeon Etxean.
Sarriugartek berriki argitara eman duen Beste zerbait (Consonni, 2025) liburua irakurri duenari ezagun egingo zaizkio Kaixo, karis-en entzungo dituenak, hitzok eleberri izatera mutatu aurretik emanaldian hartu baitzuten forma; eta lehenago, Elgoibarko idazle eta kazetariaren iritzi testuetan eta koadernoetan. Baina liburukoak beste modu batean jasotzeko aukera ematen du ikuskizunak.
Enkarguz sortu zuten bi artistek gaur Zumaian aurkeztuko duten emanaldi literario musikatua. Aurretik Popperra, afterra, utopia ikuskizunarekin biratu zuten elkarrekin, baina proposamen berri bat lantzeko eskatu zieten Gasteizen Feministaldiarekin batera antolatzen duten Inmersiones jaialdikoek. "Zer egin genezakeen pentsatzen hasi ginen; idatzita zituen testuak begiratzen jardun zuen Danelek, eta aukeraketa moduko bat egin zuen. Testuak bidali zizkidan eta izugarri gustatu zitzaizkidan. Eta, elkarrekin, emanaldia zerotik sortzen hasi ginen", gogoratu du Narbaizak.
Batak bestearen lanean muturra sartuz itxuratu zuten Kaixo, karis, hitzei musikan eta musikari hitzetan eskua sartzeko baimena emanez. Narbaizak, sintetizadoreak eta pedalak baliatuta, propio sortu ditu emanaldirako doinuak, eta hitzekin nahastuta, Beste zerbait liburuak duen izaera mutante hori bereganatzen du ikuskizunak: ahots, forma eta denbora desberdinek osatzen dute kontakizuna, abiapuntuek eta itxierek, marratutako bideetara itzultzen diren pentsamenduek. "Plano desberdin horiek guztiak soinuaren bitartez lantzen saiatu gara, eta esango nuke liburua irakurri duenari ere gustatuko zaiola, kontakizunak beste dimentsio bat hartzen baitu", zehaztu du Eibarko musikariak.
'Ni' kolektibo bat
Danele Sarriugarterena, eibartarraren arabera, "'ni'-tik hitz egiten duen ahots bat da, baina, era berean, kolektiboa da". "Testuak indar handia du eta ateratzen dira gai batzuk –gaineratu du– oso ohikoak direnak, baina agian orain arte ez direnak mahai gainean jarri: bizipen pertsonalak, desirak, gurasoekin eta lagunekin harremanak... Denok bizi izan ditugun gauzak agertzen dira". Bestalde, esplikatu duenez, musika instrumentalak "eskutik eramaten du entzulea" kontakizunaren barrura. "Giro intimista sortzen da", ziurtatu du Narbaizak: "Soinuaren laguntzarekin saiatu gara ikuskizun iradokitzaile bat sortzen, eta Daneleren irakurtzeko edo hitz egiteko erritmo bereziak, naturalak, ukitu egiten du, entzulearen barrura sartzen da".
Honezkero egin dituzte zenbait saio Kaixo, karis emanaldiarekin, horietako bat Getarian, eta sortzaileek jakin ahal izan dutenez, beraiek bezala gustura geratu dira ikusteko aukera izan dutenak ere. Antza, artisten arteko sinergia da gakoetako bat. "Ondo ulertzen dugu elkar, eta hori ere ikuskizunean nabarmentzen dela uste dut", esan du Narbaizak.