Santiago hondartzako arrapala azpian aldagelak eta komun publikoak egokitzeko lanak abiatuko ditu Zumaiako Udalak. Ingurua hesitu dute dagoeneko, eta lanak datozen egunotan hastea espero dute. Behin lanak hasita, hamabi asteko epean amaitzea aurreikusi dute. Aurrekontua 243.573,00 eurokoa da, eta Iparragire Eraikuntza Lanak enpresak gauzatuko ditu egokitze lanak.
Udalak ohar bidez plazaratu duenez, aipatu lanekin "komun eta dutxa publikoetarako eremu zentrala" jarri nahi du Santiagon. Hasiera batean aurreikusitako biltegi espazioa ere erabili ahal izango dela ere jakitera eman du, baita etorkizun batean, espazioko ezkerreko aldea aldagela eremu bat egokitzeko prest utziko dutela ere.
Denboran atzera eginda, udalak gogoratu du LKS Ingeniaritza Kooperatibak Santiagorako proiektu bat diseinatu zuela, 2018. urtean, "Santiago Hondartzaren Ingurumena Berreskuratzeko Proiektuaren zati gisa". Duela zortzi urte diseinatutako proiektuak aldaketak izan ditu, eta, 2020an, bertsio eguneratua formalizatu zuteen. Udalaren arabera, 2021ean, eraikinaren zati bat gaitu zuten, eta sorosleen gunearen barruko lanak ere egin zituen. Datozen egunotan hasiko dituzten obrak haien jarraipena dela ere gaineratu du udalak.