Lucia Lacarra dantzari zumaiarrak bere ikuskizun berria aurkeztuko du martxoaren 27, 28 eta 29an Bilboko Arriaga antzokian. A.I. (Amalur Indarra) du izena, eta Lucia Lacarra Ballet dantza konpainiak sortutako bigarren ikuskizuna izango da, Lost Letters lanaren ostean.
Aurretik egin bezala, Zumaiako Udalak autobusa jarriko du herritarrak Bilbora gerturatzeko. Martxoaren 29ko saiorako egongo da autobusa, eta horretarako interesdunek aurrez izena eman beharko dute. Txartelak bihartik aurrera eskuratu ahal izango dira Alondegia kultur etxeko lehen solairuan. Txartelen prezioa 5 euro izango da, eta dirutan ordaindu beharko da. Emanaldia 19:00etan izango da, eta autobusa 16:30ean abiatuko da Zumaiatik.
Udalak gogoratu du norberak erosi beharko dituela ikuskizunerak sarrerak. Arriaga antzokiko webgunean daude sarrerak salgai, hemen. Lacarrak, gainera, keinu bat egin nahi izan du bere herrikideekin, eta sarrerak erosiko dituzten zumaiarrek %20ko deskontua izango dute.