Atzo arratsaldean jokatu zuten Oriaren 32. Traineru Jaitsiera, Orioko uretan. Guztira 78 ontzi lehiatu ziren erlojuaren aurka, eta jokoan ziren hiru banderetatik bi Orion gelditu ziren, gizonezkoena eta beteranoena, hain justu. Orio Arraunketa Elkarteko gizonen lehen taldeak nagusitasunez irabazi zuen estropada 19:40,57 denborarekin eta Bermeori hamalau segundoko aldea aterata. Emakumezkoetan, berriz, Donostiako Arraun Lagunak nagusitu zen 14:25,96 denborarekin.
Zumaiako Telmo Deun Arraun Elkarteak ontzi bat uretaratu zuen: senior emakumezkoena, hain justu. Kategoria horretan hamabi talde aritu ziren, eta zumaiarrek laugarren postua eskuratu zuten, 14:47,12 denborarekin. Hemen ikus daitezke sailkapen guztiak.
Ohi bezala, gizonezko seniorrek 6.000 metroko distantzia osatu zuten Mapiletik (Aginaga) irtenda Orioko zubi ingururaino, eta senior emakumezkoek eta gainerako kategoriek, berriz, 4.000 metroko distantzia, Saikolatik abiatuta.