1979an egin zituzten aro demokratikoko lehen udal hauteskundeak, eta ordutik gaur egunera arte EAJ ordezkatu duten emakumeak omendu nahi izan ditu alderdiak gaur, Emakumeen Nazioarteko Egunarekin batera. Eguerdi partean egin dute ekitaldia Mendaro Marinela kaleko Batzokian, eta bertan izan dira omenaldia jaso duten emakumeak, baita hainbat alderdikide ere.
Josemi Antia zinegotziaren hitzetan, emakumeen ahalduntzea "ez da hitzetan geratzen den zerbait", eta nabarmendu du emakumeek erakundeetan, barne organoetan eta hautagaitzetan izan duten presentziak argi uzten duela "berdintasunaren aldeko apustua benetakoa izan dela".
Gogoratu nahi izan du EAJk aurkeztu dituela Zumaian emakumeak buru zituen hautagaitza bakarrak, eta haiek "mugarri garrantzitsuak" izan zirela.
Jarraian, banaka deitu dituzte emakume omenduak. Hauek Ricardo Peña eta Oier Korta alkate ohien eskutatik jaso dituzte oroigarriak. Hauek izan dira gaur omendu dituzten emakumeak: Maria Arritokieta Unanue, Miren Arritokieta Esnal, Montserrat Arana, Maria Eugenia Arrizabalaga, Lide Amilibia, Ana Arranz, Edurne Egaña, Cristina Vicente, Maria Cruz Alvarez, Ane Arregi, Miren Aitziber Odriozola, Ainhoa Illarramendi eta Mireia Aranbarri.