Zumaiako Mugimendu Feministak deituta, jendetza atera da gaur, Martxoak 8, herriko kaleetara, feminismotik mundu berri bat eraikitzeko aldarria lau haizetara zabaltzeko. Hain zuzen, Mundu berri bat feminismotik; zapalkuntza sistemen aurrean: antolakuntza eta borroka lelopean mobilizatu da gaur Euskal Herriko Mugimendu Feminista herrietan eta kaleetan. Zumaiako manifestazioa 12:30ean hasi da, eta ia ordubete beranduago bukatu da kofradia parean. Han egin dute irakurketa politikoa, eta ondoren DJa eta jan-edana izan dira nahi izan duen guztientzako.
Aurtengo M8ko irakurketa hasterako, gogoan izan dituzte eraildako emakumeak eta munduko hainbat txokotan borrokan ari direnak. Alde batetik, Sarrigurenen erail zuten emakumea eta larri zauritu zuten bestea izan dituzte gogoan, eta, bestetik, elkartasun eta babesa bidai diete hainbat gatazketan murgilduta dauden emakume feministei hala nola, Palestina, Venezuela, Sahara eta Kurdistan. Borroka internazionalista goraipatu dute.
Izan ere, Euskal Herriko Mugimendu Feministarentzat "munduaren luze-zabalean gerra, desberdinkeria eta askotariko indarkeriak nagusi diren gaiotan" iritsi da Martxoaren 8a aurten. Testuinguru horretan, "sistema kapitalista zisheteropatriarkal kolonial eta arrazistaren kontra eta feminismotik eraikitako munduaren alde" borrokatzera aterako da kalera. "Noraeza, etsipena eta beldurra" gailentzen ari den garaiotan, "immobilizaziorako joera" egon daitekeen arren, mugimendu feministak borrokatzeko deia egin du: "Guk aspaldi ikasi genuen immobilizaziorako joera kolpatzen gaituen sistema kapitalista zisheteropatriarkal kolonial eta arrazistak darabiltzan estrategien ondorioa besterik ez direla, eta ez garela batzuek nahiko luketen bezala etxean geratuko". Hain zuzen, Mugimendu Feministarentzat sistema kapitalista zisheteropatriarkal kolonialista eta arrazista da zapalkuntzak betikotzen dituena: "Askotariko zapalkuntzak betikotzeko egiturak martxan ditu aipaturiko sistemak, gorputz eta lurralde bakoitzean era batera edo bestera lurreratzen direnak. Baina, desberdinkeriak areagotzen ari diren garaiotan, zapalduak are zapalduago dira, eta boteretsuak are boteretsuago. Eta hori, errealitate materialetan ikus dezakegu; etxebizitzarako sarbidea nork duen eta nork ez, baliorik gabeko lanetan nor dabilen eta nor ez, ea nork egindako lanak diren prekarioen, nor den hainbat eskubideren jabe eta nor ez eta abar. Finean, nor kolpatzen duen geroz eta gehiago".
Mugimendu Feministako kideek adierazi dutenez, asko izan dira azken urteetan martxan jarritako borrokak, baina oraindik egiteko asko dagoela nabarmendu dute, eta gizonak, patronalak zein agintariak seinalatu dituzte, besteak beste: "Urratsak egiten ari bagara ere, oraindik asko dugu egiteko, baina batez ere asko dute egiteko. Haiek bai; instituzioek, patronalek, gizonek, sistema hau betikotzen dutenek. Urgentziaz diogu: hartu dagokizuen ardura". Horrekin batera, "egiturak sostengatzen dituztenak" ere jarri dituzte jopuntuan: "Feminismotik eraikitzen ari garen diskurtso eta proposamenak bereganatzen dituztela salatu nahi dugu, itxurakeria hutserako, edo are larriagoa dena, feminismoaren aitzakiapean bestelako neurri eta diskurtsoak zabaltzen dituzte, esaterako, arrazakeria".
Ez dute "feminismorik eta antiarrazismorik gabeko mugimendurik" nahi, ezta mundurik ere, eta hori lortzeko antolakuntzaren beharra nabarmendu dute. "Antolakuntza eta borroka dira gure armarik indartsuenak; emakume, trans eta bollerak kaleak hartzeko prest gaude!". Horren karietara, aliantzak eraikitzeko deia egin dute: "Elkarrekin nahiz subalternitate propioetatik, eraiki ditzagun sare sendoak. Askotariko zapalkuntzen bitartez sostengatzen den sistema honi erantzun diezaiogun askotariko gorputz eta borroketatik".
Martxoaren 8an kaleak betetzeaz aparte, beste data batzuk ate joka daudela gogoratu du Mugimendu Feministak, eta martxoaren 17ko greban, arrazakeriaren kontrako egunean, hilaren 21ean, mobilizatzera deitu du, baita martxoaren 30ean ere, etxeko eta zaintza langileen egunean. "Azkenik, martxoaren 31, Trans ikusgarritasunaren egunean; Trans gorputzak ere sistemak jo puntuan dituen gorputzak baikara, baina ez gara soilik gorputz zapalduak, alternatiba gara eta hori aldarrikatzera aterako gara", adierazi dute hitzartzearen amaieran.
Goizean, mugimenduko eragileen solasaldia
Zumaiako Mugimendu Feministak, esaterako, feminismoaren intersekzionalitatea nabarmendu eta Martxoaren 8an. Aurten "bereziki" eman nahi izan diote garrantzia auziari, eta mobilizazioaren aurretik, mahai ingurua egin dute Mugimendu Feminista osatzen duten eragileek, tartean Enor asanblada transfeminista, Gazte Feministak eta Emakumeen Etxea.