Euskal Ligako Ohorezko mailara igo da Kbi xake kluba

Juan Luis Romatet 2026ko martxoaren 9a

Kbi xake klubeko kideak, pasa den larunbatean, igoera lortu eta gero. (Juan Luis Romatet)

Kluba 2018. urte amaieran sortu zuten, eta ordutik bost igoera lortu ditu. Datorren denboraldian Euskal Ligako Ohorezko mailan arituko da, Euskal Herriko xakeko maila gorenean.

Nekez pentsatuko zuten Kbi xake klubeko kideek 2018. urte amaieran, kluba sortu zutenean, handik urte gutxitara euskal xakeko maila gorenera helduko zirenik. Pausoz pauso, mailaz maila, igoeraz igoera, zazpi urteko epean Gipuzkoako Ligako hirugarren mailatik Euskal Ligako Ohorezko mailara igotzea lortu dute Zumaiakoek. 

Pasa den larunbatean jokatu zuten Laudioko (Araba) Kasinoan, Euskal Ligako lehen mailako azken jardunaldia. Euskal Ligan aritu diren klub guztiak aritu ziren batera, Ohorezko mailakoak zein Lehen mailakoak, egun eta ordu berean. 

Kbi xake kluba igoera lortzeko aukerekin joan zen Arabako herrira. Bi klub igoko ziren Ohorezko mailara, eta jardunaldi baten faltan hirugarren ziren zumaiarrak sailkapenean. Liderra zen Gros B taldeak ezingo zuen igo, goragoko mailan klub bereko A taldea zegoelako. Beraz, sailkapenean bigarren eta hirugarren postuetan amaitzen zutenak igoko ziren mailaz. Santurtzi zen bigarren, 22,5 punturekin, eta ia ziurtatuta zuen Ohorezko mailarako igoera. Beste postua Kbi A eta Beasaingo Alfil kluben artean jokatuko zen: azken jardunaldiaren faltan, 19,5 puntu zituen Kbi A-k eta 18,5 puntu Alfilek.

Azken jardunaldian Bilboko Zuri Baltza klubaren aurka aritu ziren Kbikoak, eta partida bina amaitu zen. Alfilek, berriz, Zornotza izan zuen aurkari, eta 2,5-1,5 emaitzarekin galdu zuen. Beraz, zumaiarrek hirugarren postuan amaitu dute eta horri esker Euskal Ligako ohorezko mailarako igoera lortu dute. 

Azken jardunaldian, Oier Sarasketa, Paulo Alberdi, Juan David Becerra eta Aimar Alvarez aritu ziren Kbi A taldearekin. 

B taldeak galdu

Kbi-ren B taldea Gipuzkoako Ligako lehen mailara igotzeko borrokan sartuta dago. Pasa den asteburuan jokatutako jardunaldian Billabona C-ren aurka 2,5-1,5 emaitzarekin galdu zuten zumaiarrek. Oscar Aizpurua, Miguel Angel Aguado, Iñaki Arrieta eta Andoni Harys Palawo aritu ziren azken jardunaldian Zumaiako klubarekin.

Sailkapenean hirugarren da Kbi B, 11 punturekin, eta datorren asteburuan laugarren den Txaturangaren aurka arituko da.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide