Euskadiko txirrindularitza txapelketa irabazi du Maite Urteagak

Juan Luis Romatet 2026ko martxoaren 9a

Maite Urteaga, podiumeko lehen postuan, atzo Seguran. (Utzitakoa)

Atzo jokatu zuten txapelketa Seguran (Gipuzkoa), eta Eulen-Amenabar taldeko txirrindulari zumaiarrak garaipena erdietsi zuen. 

Garaipen handia lortu du Maite Urteaga txirrindulari zumaiarrak pasa berri den asteburuan. Emakumeen Euskadiko txapelketa jokatu zuten atzo Seguran (Gipuzkoa), kadete zein elite, 23 urtez azpikoen eta juniorren kategoriatan. Eguneko bigarren lasterketan aritu zen Eulen-Amenabar taldeko txirrindulari zumaiarra. 

Biziak izan ziren lasterketako lehen kilometroak, baina Lierni mendatearen lehen igoeran jo zuen erasoa Urteagak. Berekin batera egin zuen ihesi klub bereko Claudia San Justok. Biek ere erakustaldi galanta eman zuten atzo. Lasterketak aurrera egin ahala, buruan zihoazen bi txirrindulariak aldea handitzen joan ziren, eta zirkuituari eman beharreko hirugarren itzuliari ekin aurretik aldea 4 minutu baino gehiagokoa zen. 

Maldan hora bukatu zen txapelketa, eta Segurako plazara Eulen-Amenabar taldeko bi txirrindulariak heldu ziren batera. Ez zen esprintik izan eta Urteaga izan zen helmuga puntua zeharkatzen lehena. San Justo izan zen bigarren eta atzetik zetozen txirrindulariak hiru minutu baino gehiagora heldu ziren. 

Juniorretan ere garaipena eskualdeko txirrindulari batek lortu du, Ane Zubeldia Peñagarikanok, hain zuzen ere.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide