Urtetik urtera handitzen doa emakumeen parte hartzea Zumaia Flysch Trail mendi lasterketan. Distantzia laburreko proban parekatu da gizonen eta emakumeen parte hartzea. Asko lagundu du Zumaiako Udalak, Indamendi bazkunaren laguntzarekin, azken urteotan emakumeen parte hartzea sustatzeko abiatutako ekintza desberdinak.
Baina, distantzia laburrean parekotasuna badago, ez da berdina gertatzen proba luzean. Horregatik, emakumeak distantzia luzera pausoa ematera animatu nahi dituzte orain, urriaren 3an korrituko den mendi lasterketaren aldira begira.
Horretarako, saioa egingo dute ostegun arratsaldean, 18:30ean hasita, Zumaiako Emakumeon Etxean. Lehenbizi, distantzia luzearen inguruko azalpenak emango dizkiete bertaratuko direnei, eta ondoren korrika saioa egingo dute taldean.