Gazteguneak eta Ludotekak irteerak antolatu dituzte apirileko oporretarako

Juan Luis Romatet 2026ko martxoaren 10a

Mirandaola burdinola, Legazpin. (Lenbur Fundazioa)

Bi zerbitzuek irteera propioak izango dituzte, baina apirilaren 9an denak batera joango dira Iruñean dagoen Salting parkera. 

Duela urte batzuetatik hona, Gazteguneak eta Ludotekak ekimen komunak antolatzen dituzte noizean behin, bi gune horietako erabiltzaileek batak bestearen berri izan dezaten, baita zerbitzu beraiek ezagutzera emateko ere. Hala egin izan dute Gabon garaian, eta aurtengo udaberriko oporraldian ere errepikatu egingo dute esperientzia. Hala, Gazteguneak bi irteera antolatu ditu apirilaren hasierarako, eta Ludotekak beste bat. Apirilaren 9an, baina, Ludotekako zein Gazteguneko erabiltzaile gazteak elkarrekin joango dira Iruñera, Salting parkera. Egun osoko txangoak izango dira guztiak ere.

Apirilaren 1ean, asteazkena, Adunan (Gipuzkoa dagoen Zirkuola arte eszeniko eta zirku tailer lantegia ezagutuko dute Gazteguneko nerabeek. Prezioa 10 eurokoa izango da, eta horren barruan ekintza bera eta bidaia sartuko dira. Izen-ematea martxoaren 13ra bitarte izango da zabalik Gaztegunean.

Astebete beranduago, apirilaren 8an, asteazkenean, paintballean aritzeko aukera izango dute Gazteguneko nerabeek. Horretara, Zubietara (Donostia) joango dira. Prezioa 11 eurokoa izango da, ekintza eta bidaia barne, eta aurreko irteeran bezala, izen-ematea martxoaren 13an itxiko dute. 

Egun berean, hilaren 8an, Mirandaolako (Legazpi, Gipuzkoa) burdinola ezagutzeko parada izango dute Ludotekako haurrek. LH1-3 bitarteko haurrei zuzendutako jarduera izango da hura, eta prezioa 9 eurokoa izango da. Izen-ematea martxoaren 23ra arte izango da zabalik, Ludotekan.

Irteerekin amaitzeko, apirilaren 9an, Iruñeko Salting parkera bisita egingo dute Ludotekako zein Gazteguneko erabiltzaileek. Ludotekako LH4-6 bitarteko haurrei eta Gazteguneko nerabeei zuzendutako jarduera, eta prezioa 9 eurokoa izango da. Gazteguneko kideentzat izen-ematea zabaldu dute dagoeneko, eta ostiralera arte apuntatu ahal izango dute. Ludotekako haurren kasuan martxoaren 16tik 23ra bitartean eman beharko dute izena.

Jolasak familian, igandean

Apirilaren hasierako irteerez gain, bestelako jarduerak ere egingo dituzte datozen asteetan. Hala, datorren igandean, martxoaren 15ean, LH 1-6 mailetako haurrentzako jarduera izango dute Ludotekan, Familia giroan ekimenaren barruan. Ekintza horretan parte hartzeko aurrez izena eman beharko dute Ludotekan bertan.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide