Final laurdenetan abiatu zuten Erika Mugartegik eta Frida Watkinsek Durangoko (Bizkaia) Ezkurdi pilotalekuan jokatzen ari diren Winter Series zesta punta txapelketako bidea, eta beraiek izan dira finalera sailkatzen lehenak. Atzo arratsaldean jokatu zuten txapelketako lehen finalerdia, Elaia Gogenola eta Eneritz Lizardiren aurka.
Ez ziren gauzak ondo hasi Markina-Xemeingo eta Zumaiako puntistentzat, 15 eta 6 emaitzarekin galdu zutelako lehen jokoa. Mugartegi eta Watkins ez ziren, ordea, kikildu eta hortzak estututa, 8 eta 15 emaitzarekin irabazi zuten bigarren jokoa. Berdinketa 5 tantoko joko laburrean erabakiko zen. Gogenola eta Lizardi aurretik jarri ziren 2 eta 0, baita 3 eta 1 ere, baina jokoko azken hiru tantoak bizkaitarrarentzat eta gipuzkoarrarentzat izan ziren, eta 3 eta 5 emaitzarekin irabazita lortu zuten finalerako txartela.
Datorren astelehenean jokatuko dute txapelketako bigarren finalerdia. Helena Barrenetxeak eta Arai Lejardik final laurdenetatik datozen Ihart Arakistain eta Maia Goikoetxea izango dituzte aurkari. Partida horretako irabazlea izango dute Mugartegik eta Watkinsek aurkari finalean.