Bi antzezlan izango dira asteburuan Aita Mari aretoan

Juan Luis Romatet 2026ko martxoaren 10a

'Pintto pintto' antzezlaneko irudia. (Portal 71)

Ostiralean Lolak kolektiboaren estraineko antzezlana, Zanbuila, izango da ikusgai, eta larunbat arratsaldean Anita Maravillas Teatro eta Portal 71 konpainien Pintto pintto haurrentzako antzezlana. Bietarako sarrerak salgai daude sarrerakzumaia.eus webgunean.

Antzerkiaz gozatzeko bi aukera izango dira datorren asteburuan Aita Mari aretoan. Ostiralean eta larunbatean antzezlana bana izango da Zumaiako aretoan: helduentzakoa lehendabizikoa, eta haurrentzakoa bigarrena.

Ostiralean Lolak kolektiboaren lehen antzezlana ikusteko parada izango da herrian. Zanbuila Esti Curiel sortzaile eta partaide duen antzerki konpainiako lehen lana da, eta bere jaioterrian estreinatuko dute, ostiralean, 20:00etan hasita. 2022an Zumaiako Udalak Curieli emandako sormen beka da hiru egun barru ikusi ahal izango den antzezlanaren hazia, eta kostaldeko herri batean bizi diren belaunaldi desberdineko emakumeak dira Zanbuila-ko pertsonaiak.

Antzezlanerako sarrerak hemen eros daitezke aldez aurretik, 6,50 euroan.

Haurrentzako antzerkia, zapatuan

Larunbatean, berriz, 17:00etan hasita, Anita Maravillas Teatro eta Portal 71 konpainien Pintto pintto antzezlana izango da ikusgai Txomin Agirre kaiko antzokian. Aurretik egin bezala, antzezlaneko sortzaileek txotxongiloekin egin dute honakoan ere lan. Kontatzen duen istorioa hau da: "Pintto bidea galdu duen txakurkume bihurria da. Pinttok jolastea gustatzen zaio, baina badirudi norbaitek beldur diola eta ez duela berarekin jolastu nahi. Pinttok gogorarazten digu zein sinple eta zoragarria den adiskidetasuna".

Sarrerak hemen eros daitezke aldez aurretik, 4,35 euroan.

 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide