Izena emateko epeetan aldaketak izango ditu XVII. Flysch Trail mendi lasterketak

Onintza Lete Arrieta 2026ko martxoaren 12a

Korrikalariak ibilbideko aldapetako bat igotzen. (Guka)

Martxoaren 24an emakumeek eta pertsona ez binarioek eman ahalko dute izena; martxoaren 25ean, juniorrek; eta martxoaren 26an, gizonezkoek. Ondoren, irailaren 18ra arte zabalik egongo da izena emateko aukera, tokia bete arte. 

Urriaren 3an jokatuko da aurten XVII. Flysch Trail mendi lasterketa, eta berrikuntzekin datorrela jakinarazi dute antolatzaileek. Izan ere, izena emateko epeetan aldaketak egin dituzte, eta aurreko urteetan ez bezala, hiru egunetan banatuko dute, eta egun bakoitzean talde zehatzek eman ahalko dute izena. Horrez gain, aurreneko aldiz, larunbat goizez jokatuko da lasterketa. 

Izena martxoaren 24tik aurrera eman ahalko da, eta irailaren 18an itxiko da, baldin eta gehieneko partaide kopurura lehenago iristen ez bada. Ibilbide luzean 400 korrikalarirentzat dago tokia, eta motzean, berriz, 250 korrikalarirentzat. 

Aurreneko egunean, martxoaren 24an, emakumezkoek eta ez-binarioek izango dute izena emateko aukera: lasterketa laburreko 115 dortsal aterako dituzte, eta 175 luzekoak. Hurrengo egunean, hilaren 25ean, junior gizon eta emakumeek izango dute izena emateko aukera: 25 dortsal aterako dituzte. Adin horretakoek aurkeztu behar dituzten agiriak Lubaki kiroldegian eskuz aurkeztu beharko dituzte egun berean edo aurrerago, online izena ematea errazte aldera. Azkenik, martxoaren 26an, gizonezkoek izango dute izena emateko aukera: 115 dortsal aterako dituzte lasterketa laburrekoak, eta 175 luzekoak. Izena zumaiaflyschtrail.eus eta kronoak.com webguneen bidez eman behar da. 

Ibilbide luzea aukeratzen dutenek 24 kilometroko mendi lasterketa egingo dutela gogorarazi dute, eta izena ematea 30 euro kostako dela; laburra aukeratzen dutenek, berriz, 14 kilometro egingo dituzte, eta izena ematea 20 euro kostako da. 

Adingabeak eta aniztasun funtzionala dutenak

Antolatzaileek nabarmendu dute Zumaiako mendi lasterketa proba inklusiboa izatea dela helburua, eta horregatik, edozein aniztasun funtzional duen pertsonak izena emateko aukera izango duela. Bakoitzaren errealitatera hobeto egokitzeko, izen-emate eskaera egin beharko dute emailez (info@zumaiaflyschtrail.eus ) honako informazioa helaraziz: izena, abizenak, adina, jaioterria, telefono zenbakia; aniztasuna ziurtatzen duen agiria; proba egiteko dituen beharrak.

Behin datuak jasota, antolakuntza korrikalariarekin kontaktuan jarriko da nondik norako guztiak lantzeko eta parte-hartzea konfirmatzeko.

Bestalde, 14 eta 17 urte bitarteko korrikalariek (2026ko abenduaren 31n izango duten adina hartuko da kontuan) derrigorra izango dute Adingabeen baimena izeneko dokumentua egoki bete eta Lubaki kiroldegian aurkeztea. Horrela ez bada, izen-ematea ez da onartuko.

Dokumentu hori izena emateko plataforman eta antolakuntzaren webgunean zintzilik egongo dela zehaztu dute. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide