Zumaiakok eta UDA Aretxabaleta taldeek jubenil mailako norgehiagoka jokatu zuten pasa den larunbat arratsaldean Zumaiako Aita Mari futbol zelaia. Partida Aretxabaletak irabazi zuen 1 eta 2 emaitzarekin. Amaieran, baina, etxeko taldeko jokalari batek irain arrazistak jaso zituen Aretxabaleta taldeko jokalari baten ahotik. Horrek arrazakeriaren aurkako protokoloa aktibatzea ekarri zuen, eta Ertzaintza bertaratu zen futbol zelaira. Zumaiako Futbol Taldeak gertaera salatu eta gaitzetsi zuen, eta jokalariaren beharretara ere jarri zen.
Zumaiako Udalak ere babesa adierazi dio irainak jaso zituen futbolari gazteari. Haren esanetan, "Halako jarrera arrazistak eta xenofoboak ez dira onargarriak, ez futbol zelaiaren barruan, ez kanpoan".
Ohar baten bidez, udalak dei egin die "herritarrei, kirol klubei nahiz erakundeei errespetuan eta berdintasunean oinarritutako jarrerak sustatzen jarraitzeko, eta edozein jarrera arrazista edo diskriminatzaileren aurrean aktiboki erantzuteko". Gaineratu du, "kirol eragileekin, elkarteekin eta herriko gainontzeko eragileekin elkarlanean" lanean jarraituko duela halako egoerak berriro gerta ez daitezen.