Euskadiko txapelketa amaituta, Gipuzkoako buruz buruko txapelketari ekingo diote Zumaiako Kirol Elkarteko puntistek. Gaur eta bihar artean, lurralde mailako txapelketako lau partida izango dira jokoan Aitzuri frontoian.
Gaur, 19:15ean ekingo diete partidei. Hasteko, infantil A mailako zesta puntako partida jokatuko dute Zumaiak eta Mutrikuko Danok Bat 3-k, eta haren amaieran jokatuko dituzte Gipuzkoako txapelketako bi partida, biak ere nagusien mailan, eta biak ere Hondarribiko klubaren aurkakoak: Agirre Rodrigoren aurka arituko da, eta Uretak Laka izango du aurkari.
Bihar, 11:00etan hasita, Gipuzkoako txapelketako beste bi partida izango dira jokoan, hauek ere nagusien mailan: Frida Watkins Gaztelekuko Uclesen aurka arituko da, eta Egaña Hondarribiko Enparanen aurka.
Partida gehiago
Beste hiru pilota partida ere hartuko ditu Zumaiako frontoi luzeak. Bihar, 19:30ean hasita, alebinetako 2. mailako eskuz binakako bi partida izango dira jokoan. Lehenbizi, Erik Band eta Iker Didi Aloña Mendi 3-ren aurka arituko dira, eta Igotz Etxeberria eta Ibai Arizaga Bergara 1-en aurka. Igandean, berriz, infantil mailako paleta larruzko partida jokatuko dute Aimar Rodriguezek eta Luken Osanbelak Altzatarraren aurka.