Fernando Gajate: "Anbizio bakarra daukat gaur egun: Behobia korritzea"

Juan Luis Romatet 2026ko martxoaren 15a

Fernando Gajate, Donostian egindako elkarrizketan. (Juan Luis Romatet)

Parte hartzaile zaharrena izan da Fernando Gajate Behobia-Donostia lasterketaren azken bi aldietan: 80 urterekin korritu zuen iazkoa eta 81ekin aurtengoa. Astean lau egunetan entrenatzen du, eta dena ondo bidean, datorren urtean ere Behobiako irteera puntuan egotea espero du.


Arratsaldean jarri du hitzordua Fernando Gajatek (Zumaia, 1944) elkarrizketarako. Osteguna da, eta goizean, ohi duen bezala, korrika saioa egin du Donostiako kale eta hondartzetan zehar. 80 urteren langa igarota badu ere, sasoiko mantentzen da eta Behobia-Donostia lasterketan parte hartzeko ilusioa mantentzen du. Bitan irabazi du lasterketa 70 urtetik gorakoen kategorian, eta azken bi aldietan korrikalari zaharrena ere izan da. 

Lanbidez arkitektoa izan zen Gajate erretiroa hartu zuen arte, eta lau hamarkada daramatza Donostian bizitzen. "Emazteak eta biok hartutako erabakia izan zen. Nik Zumaian nuen estudioa, bertan egiten nuen lan; emazteak, berriz, Donostian zuen lanpostua, Magisteritza Eskolan. Urteak egin zituen Donostiara lanera etortzen. Gero, aldatzea erabaki, eta Donostian jarri ginen bizitzen: ni Zumaiara joango nintzen lanera, eta bera Donostian geratuko zen. Garai hartan Gipuzkoako Arkitektoen Elkargoko presidente ere izendatu ninduten, eta niri ere ondo etorri zitzaidan hona, Donostiara, bizitzera etortzea".

81 urte bete dituzu aurten, eta Behobia-Donostia lasterketa korritu duzu. Betidanik izan al zara kirolaria?

Garrantzi handia ematen diot kirolari. Beno, izan dira kirola praktikatzerik izan ez dudan garaiak ere. Txikitan, frontoian asko ibiltzen nintzen, Odietan; han aritzen ginen mutil denak. Eskuz jokatzen nuen, baina Arkitektura ikasten hasi nintzenean, utzi egin behar izan nuen: eskua puztu egiten zitzaidan eta horrek zaildu egiten zidan marraztea. 

Futbola gustuko nuen. Soldadutza egiten ari nintzela, Madrilgo batzuek ikusi ninduten eta erregional mailako talde batean jokatzera gonbidatu ninduten. Ikasketen azken urtean, liga oso bat jokatu nuen; bigarren geratu ginen, eta Madril osoan ibili nintzen futbolean. Zelaiak tamalgarriak ziren; belarrezko zelai bakarra zegoen. Bueltatu nintzenean, plaieroetarako hartu ninduten, eta palan jokatzen ere hasi nintzen, paletan, larruzko pilotarekin. Astearteetan eta ostiraletan jokatzen genuen.

Noiz hasi zinen lasterketetan parte hartzen?

Donostiara etori ginenean. Hasieran, mendira joaten hasi ginen, kuadrillan, haurrekin; kanpaldiak ere egin genituen. Kuadrillan Behobia-Donostia lasterketa egina zuten lauzpabost lagun zeuden. Haiek xaxatu ninduten Behobia korritzera. 46 urte izango nituen orduan. Ekainean hasi nintzen entrenatzen, azaroan Behobia korritzeko. Hasieran, entrenamenduetan, lagunak ni baino azkarrago joaten ziren eta nik bidezidorrak hartzen nituen haiek harrapatzeko. Lasterketaren egunean, ordea, haiek baino azkarrago amaitu nuen.

Harra sartu zitzaidan, eta taldean lasterketa batzuk korritu nituen: Andoainen [Gipuzkoa], Donostian Hiru Hondartzetako lasterketa... Zumaian ere izan naiz saltaka; Zakila Birako lehen lasterketa korritu nuen, esaterako, herrian. Sekulako beroa egin zuen, gaizki ere pasatu nuen, baina lasterketa bukatu nuen, eta ez dut berriro korritu. Zumaiako Herri Lasterketa bai, hori zortzi edo bederatzi aldiz. Beti ere, denbora hobetzen joaten nintzen; hura zen nire orduko helburua. 

Donostiarrak kirol elkarteko kidea zara.

Korrika aritzen ginen taldea sakabanatu egin zen. Behin, bi lagunekin topo egin, eta hirurok hasi ginen saltaka batera. Astegunetan 20:00etan irteten gintzen, eta igandeetan, goizez. Saio horietan Donostiarrak elkarteko kideekin gurutzatzen ginen. Egun batean, oinetako denda batean nengoela, elkarteko diruzaina ezagutu nuen, eta hark proposatuta hasi nintzen Doostiarrakekin korritzen.

Entrenamenduetarako errutinarik ba al duzu?

Nahiko errutina finkoa dut, eta ezer gertaten ez bada, errespetatu egiten dut. Astearte eta ostegunetan, goizetan, entrenamendu bera egiten dut: Ondarretatik atera eta Loiolako Erriberetara joaten naiz. Bidean, taldeko beste kideekin egiten dut topo, haiek Loiolatik ateratzen dira eta. Ondarretara itzultzen gara, eta nik han bainua hartzen dudan bitartean, haiek Loiolara itzultzen dira. Larunbat eta igandetan Ondarretatik ateratzen gara, eta batzuetan Saguesera joaten gara, besteetan Anoetara. Behobia hurreratzen hasten denean, Pasaiaraino heltzen gara. Ohikoan 10 edo 12 kilometro egiten ditugu egunean, baina Behobiaren data hurreratzean, 18 kilometro ere egiten ditugu.

Une gozoak bizi izan dituzu Behobia-Donostia lasterketan, ezta?

Bai, bai. 71 urte nituela, Behobia irabazi nuen nire kategorian. Bero galanta egin zuen egun hartan, hego haize handiarekin. Nik Behobian egin dudan denbora onena ordu eta erdikoa da, 1999an. Bada, egiten zuen beroarekin, mantso joatea erabaki nuen, ura edanez, hidratatzeko denbora hartuta. Amaieran, zerrenda begiratu nuen, eta hor ikusi nuen nire kategorian irabazi nuela. Ordu eta 52 minutuan amaitu nuen lasterketa, eta irabazi egin nuen. Orain, 70 urtetik gorako korrikalariei ez diete garaikurrik ematen, baina orduan bai, eta nik bi ditut, urte bat geroago ere irabazi egin nuen eta.

Urte hartan bertan Madrilera joan ginen, taldean. Batzuk maratoia korritu zuten, eta besteok, nik barne, maratoi erdia. Bada, nire kategorian irabazi egin nuen hura ere. Beste garaikur txiki bat jaso nuen, eta a zer pozik bueltatu nintzen etxera.

46 urterekin korritu zenuen lehen Behobia. Ordutik, urtero atera al zara?

Ez, 35 urte hauetan 31 Behobia korritu ditut. Pandemiako urtean ez zen lasterketarik egin, eta beste behin uzkurdura bat izan nuen lasterketako data baino bi egun lehenago. Orain dela urte gutxi batzuk ere ez nintzen atera. Frontoian jokatzen ari nintzela belauneko lesio bat izan nuen. 79 urte nituen orduan. Medikuarengana joan nintzen, eta hark esan zidan zer kalte nituen. Sasoi hartan igeriketa egin nuen, bizikleta, gimnasioa, baina ez korrika. Iaz, oporretan, proba egin nuen, metro batzuk egin nituen saltaka, eta ikusi nuen ez nuela min handirik. Donostiara itzulita, medikuari esan nion korrika hasi nintzela oporretan, eta Behobia korrituko nuela berriz. Hala, iaz berriro parte hartu nuen, 80 urterekin, eta lasterketa egin zuen korrikalari zaharrena izan nintzen. Aurten ere korritu dut, 81 urterekin, eta berriro ere zaharrena izan naiz. 

Lasterketa korritu eta bukatu duen zaharrena izateak zer pentsatua eman al dizu?

Geldirik egon nintzen urte eta erdi haren ondoren, elkarteko kide batek esan zidan hurrengo Behobia nirekin egingo zuela. Oso ondo moldatu nintzen lasterketan, nekatu gabe. Bi ordu eta hamar minututan amaitu nuen, eta azken kilometroan esprintatu ere egin nuen. Aurte, kideak esan zidan ez zidala lagunduko, baina nire alaba etorri zen Madrildik. Hura ere saltaka hasi da berriz; bi Behobia eginda zituen, baina korrika egiteari utzi zion. Alabak esan zidan nirekin egingo zuela lasterketa. Gero, beste bost lagun ere batu ziren, eta zazpi lagun batera atera ginen. Amaieran, dena prest zuten. Alaba diseinatzailea dut, eta haren eta beste lagun baten artean kartel handi bat prestatu zuten, nire marrazkiarekin eta nire adinarekin. Nafarroako etorbidean atera zuten, Donostian, eta horrela jende guztiak jakin zuen ni nintzela korrikalarien artean zaharrena. Megafoniatik ere hasi ziren esanaz zaharrena bazetorrela, eta jende guztia marruka hasi zen. Txalo eta oihu artean heldu nintzen helmugara.  

Grabagailua martxan jarri aurretik esan duzu Behobia bakarrik korritzen duzula orain, beste lasterketa guztietan parte hartzeari utzi diozula.

Orain ez dut hainbesteko anbiziorik. Badut anbizio bat eta Behobia korritzea da, Behobia korritzen jarraitzea. Horregatik entrenatzen dut lau egunetan, mantentze aldera. 40 bat kilometro korritzen ditut astero. 

Noiz arte jarraituko duzu Behobian parte hartzen?

Aurreko batean egin zidaten elkarrizketa batean esan nuen bezala, nire 30. Behobia 80 urterekin egin nuen, eta 31.a 81 urterekin. Eta datorren urtean, 32.a 82 urterekin egin nahiko nuke. Eta horrela, ahal dudan arte. Lasterketa gogorra da, baina egiten dudan moduan, konpainiarekin, egiteko modukoa dela uste dut.  

Azken urteotan korrika saioengatik egin zara ezagun, baina arkitekto gisa ibilbide luzea osatu zenuen.

Bai, arkitektoa naiz. 1971n amaitu nituen ikasketak, Madrilen. Han nirekin ikasi zuen lagun baten bidez izan nuen lanean hasteko aukera. Haren osaba batek estudio garrantzitsu bat zuen Irunen (Gipuzkoa). Osaba hil zitzaionean, lagun horrek ikasketak oraindik amaitu gabe zituen, beste pare bat urtez geratu behar izan zuen Madrilen, eta ni hasi nintzen Irunera joaten. Trenez joaten nintzen Donostiara, eta handik autobusez Irunera. Oraindik ezkondu gabe nengoen, eta soldadutza ere egin gabe nuen orduan. 

Noiz hasi zinen Zumaian arkitekto lanetan?

Kuadrillarekin hizketan, herrian adinekoentzako etxe bat egiteko ideia atera zen, gero Hogarra izan zena. Diru bat jarri genuen, lehen zirriborroak egin nituen, baita udaletxera eraman ere. Garai hartan Donostiako Orfeoia ere ekarri genuen, parrokian kantatzera, eta ateratako diruarekin hasi nintzen Hogarra diseinatzen. Une horretan hasi nintzen Zumaian lanean. Egindako diseinua ontzat eman zuen udalak, eta Madrilen ere aurkeztu nuen, orduko ministerioak hura egiteko dirua eman zezan. Proiektua onartu zuten, eta horrela hasi nintzen lanean. Hogarra egiten ari ziren bitartean ezkondu nintzen. Haren ondoren beste enkargu batzuk izan nituen.

Zein, adibidez?

Gauza asko egin ditut Zumaian, etxebizitzak ere asko. Larretxorako lau bat etxebizitza bloke diseinatu nituen, San Juan egoitza ondoko eraikina ere bai, Txomin Agirre kaiko etxebizitza blokea, fatxadan baldosa marroiak dituena, Itsas Kiroldegiko eraikina... Ez dut harroa izan nahi, baina denerako deitzen ninduten. San Pedro parrokian egindako erreforma guztiak nik egin nituen. Kartel bat jarri nahi izan zuten nire izenarekin, baina esan nien ezer ez jartzeko. Erretaula garbitu genuen, dorrerako eskailerak egin genituen –ezin izan genuen amaitu, dirua agortu zelako–, aldarea eta pontea aurreratu genituen. Arritokieta ermitan ere lanak egin nituen, auzolanean. Eskuinaldean duen elizpea egin genuen. Amaia plazako lorategia ere lagun batzuen eta nire artean diseinatu genuen. Belodromo itxurako patinatzeko pista bat egin genuen, eta aldapa baten bidez. anfiteatro txiki batekin lotu genuen. Garai hartarako nahiko berritzailea izan zen. 

Erabat desberdina izango zen orduko Zumaia oraingoarekin alderatuta, ezta?

Castor Agirrezabalaga alkate izan zen garaian ez zegoen udal arkitektorik; aparejadore bat besterik ez zegoen. Orduan, arkitektoak hartzeko apustua egin zuten, eta urtero txandakatzen joan ginen. Lehen urtean ni egon nintzen; kontratatuta nengoen, baina ez nuen egunero udaletxean egon beharrik. Nire estudioa nuen, baina udaletxera joaten nintzen zetozen proiektuen inguruan informatzeko. 

Urte haietan kontsumo kooperatiba bateko presidentea ere izan nintzen, baita Aita Mari arraun elkarteko lehen presidentea ere. San Telmo kalean zuen egoitza egokitzeko deitu zidaten, eta horren ondoren, elkarteko presidente izendatu ninduten. Garai hartan arraunak ez zuen gaur duen garrantzia. Elkarterako dirua lortzeko autoak zozkatzen genituen; lauzpabost auto zozkatu genituen garai hartan.

Gipuzkoako Arkitektoen Elkargoko presidente ere izendatu zintuzten.

Bai. Gipuzkoakoa Euskal Herriko elkargoaren parte da, eta makina bat bilera egin genituen, ez Donostian bakarrik, baita Iruñean, Gasteizen eta Bilbon ere. Elkargoko presidente gisa, Donostiako Kursaalerako proiektua aukeratzeko epaimahaikide izan nintzen. Boto baten aldearekin aukeratu genituen Rafael Moneoren kuboak. Guztira, sei proiektu aurkeztu zizkiguten, eta nik hasieratik kuboen alde egin nuen. Hiru egunetan egon ginen eztabaidatzen Miramar jauregian. Hamahiru lagun egon ginen han, itxita; gauez bakarrik uzten ziguten ateratzen, lotara joateko. Sei proiektuetatik hiru berehala geratu ziren kanpoan, eta Salamancako [Espainia] arkitekto baten, Norman Fosterren eta Moneoren proiektuen artean erabaki behar izan genuen. Hasieratik gustatu zitzaidan Moneoren proposamena, eta gustatu zitzaidan, baita ere, ez zela pertsonalki azaldu proiektua defendatzera; harekin lan egiten zuen arkitekto bat bidali zuen, Rojo izenekoa, eta bi orriko memoria bat irakurri zuen hark. Besterik ez. Ez zuen proiektuaren xehetasunik eman, bakarrik esan zuen "hondartutako arroka" batzuk zirela. Boto bakarrarengatik irabazi zuen Moneoren proiektuak. Beraz, nire botoak balio izan zuen!  

Hartutako erabakiaz damutu al zara?

Ez, inoiz ez. Uste dut gaur egun Donostiako eraikin adierazgarriena dela. Zalaparta egon zen bere garaian erabilitako materialengatik. Kristala erabili zuelako, batzuek zioten komun baten antza izango zuela. Baina uste dut ondo zahartu dela, ondo mantentzen dela. Oso pozik nago erabaki hura hartu genuelako.  

Erretiratuta zaude. Baina, obretako hesiaren bestaldetik, nola ikusten duzu gaur egungo arkitektura?

Lehen ere etxebizitzek elkarren antza izaten zuten, baina desberdin egiten zituzten xehetasunak zituzten. Hala, desberdinak ziren Donostiakoak, Valentziakoak edo Madrilgoak. Antzerakoak ziren, baina aldi berean, desberdinak. Orain, Benidormera joan, Zarautzera joan, eta badirudi denak ados jarri direla eraikin mota bera egiteko. Eraikinek linea zuriak dituzte, eta atzealdean, beltz kolorekoak. Ez dut arkitektoez edo eraikitzaileez gaizki hitz egin nahi, baina egiten dituzten horiek diseinatzeko –apenas duten diseinurik– eta eraikitzeko etxebizitza errazak dira.  

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide