Ekain Albite: "Eskertzekoa da hain itxiak ez diren proiektuei aitortza egitea"

Juan Luis Romatet 2026ko martxoaren 13a

Ekain Albite. (Utzitakoa)

Film berrirako ideiak hartzeko Zumaia eta Georgia artean bidaiatu eta gero, hilabeteko egonaldia egingo du Ekain Albitek Tabakaleran, proiektua garatzeko.

Akira izeneko proiektua garatzeko hilabete inguruko egonaldia egingo du Ekain Albite (Zumaia, 1999) zinemagileak Donostiako Tabakalera zentroan. Donostiako Zinemaldiak, Elias Querejeta zinema eskolak eta Tabakalera berak abiatutako Ikusmira berriak programaren barruan.  

Georgiarekin lotura duen proiektu batean zabiltza lanean egunotan. Zer kontatzen du film horrek?  

Euskal Herrian bizi den georgiar baten historia kontatzen duen filma prestatzen nabil. Halako batean, ustekabean, lehengusu baten bisita jasoko du. Espero gabe iritsi da familiarteko hori, eta horrek, nolabait, bere antzinaroko kontuak edo etxetik joan izanaren arrazoiak azaleratuko ditu. Hasieran jarrera ezezkorra badu ere, pixkanaka bere familiartekoa laguntzen hasiko da, eta amaituko dute Lemoizko zentral nuklearrean sartzen. Protagonista txatar-biltzaile bat da, eta badirudi zerbaiten bila dabilela, nahiz eta filmean ez dugun guztiz jakingo zer den. Behin Lemoizera sartu eta gero, bidaia bat abiatuko dute Europan barrena, etxera itzuli arte.   

Etxera bueltatzearen edo etxea uztearen gaia landu dut aurretik ere. Haizearen egia eta Laiotz film laburretan zegoen, baita Negu hurbilaken ere.Beti dago harreman handi bat norberak bere etxea kontsideratzen duen horrekin.  

Etxearekin sortzen den harreman horrek kezkatzen zaitu, beraz.  

Pelikula honetan pultsio moduko bat da. Hasiera batean ez dugu erakutsi nahi etxera bueltako bidaia bat izango denik, baina beraien arteko elkarrizketak entzuten ari garen bitartean joango gara ikusten aintzinean zerbait gertatu zela, eta beraien arteko harremanean eragina izan zuela. Bi pertsonaiak ezagutzen joango gara bidaiatzen doazen heinean. Gai horren inguruan dudan interesaz ez dut inoiz sakon hausnartu, edo barne begiratze bat egin, baina hor dago beti.   

Lemoiz zentral nuklearra aipatu duzu. Han sartzeko baimenik ba al duzue?  

Teorian, gure ideia zentral nuklearraren esplorazio bat egitea da, baina kanpotik. Nolabait, fikzioak hor paper garrantzitsu bat hartzen du, ze Lemoiz oso leku garrantzitsua izan da, eta gune sinbolikoa da. Sinbolismo horrekin joko bat egiten dugu. Bidaia egiten ari diren heinean, Europako hainbat herrialde gurutzatuta, topatuko dituzte herrialde horietan sinbolikoak diren beste eraikin batzuk.    

Georgiar jatorrikoak dira protagonistak. Arrazoi berezirik izan duzu herrialde hura aukeratzeko?  

Bitxia da. Aurretik, Negu hurbilakekin hiru urte igaro genituen herri txiki batean, Zubietan, 300 biztanleko herri txiki batean. Sentitzen genuen hurrengo filmerako ezagutzen ez genuen leku batera bidaiatu behar genuela. Hiru urte pasatu eta gero herri txiki batean, harreman guztiak ezagutu eta gero, ezagutzen ez genuen horrekin egin nahi genuen film bat. Horrela atera zen Georgia. Hainbat pertsonarekin hitz egin genuen, txatartegi askotan lan egiten zutenekin, eta kontatu ziguten halako harreman edo lotura bat zegoela Georgia eta Euskal Herriaren artean. Esan ohi dute harreman kulturalak egon daitezkeela bi herrien artean. Baina, hortik aparte harreman sakonagorik ez duen, eta ezagutzen ez dugun leku horrekin lan egin nahi genuen, pelikula sortu ahal izateko.   

Elkarrizketa hau egiten ari garen unean Turkia eta Georgiaren arteko mugan zaude. Filmaketa hasi al duzue jada?  

Gure pertsonaiek egingo luketen bidaia egin dugu, asko pentsatu gabe, Euskal Herritik irten eta Georgiara arte, furgoneta batean. Ez da biderik azkarrena, baina gure fikzioan bidaia hori egingo dutenez, bidaia hori erreproduzitu egin dugu, gero idatzi ahal izateko eta filma ontzen jarraitzeko.    

Ikusmira berriak programaren barruan hilabete inguruko egonaldia egingo duzu aste honetatik aurrera Donostian, Tabakaleran. Zer egingo duzu han?  

Bidaiatik bueltan egingo dut egonaldia, beraz asko izango dut hausnartzeko. 31 eguneko bidaia izan da, hamabi herrialde zeharkatuko ditugu, eta esperientzia oso desberdinak bizi izan ditugu. Batzuk oso gogorrak, beste batzuk oso atseginak. Hori guztia hausnartzeko denbora beharko dut, nolabait bizitakoa fikziora eramateko.   

Zure hitzetatik suma daiteke film berriaren estreinaldia urruti dagoela oraindik.   

Bai, bai. Egia da bidaia eginez lehen pauso handia eman dugula, eta gerturatu garela nolabait filmera. Baita ere, sentitzen dugu oraindik urruti dagoen zerbait dela. Beharko du lana, eta beharko du, agian, beste bidaia bat, baita beste grabazio batzuk ere. Urruti dago oraindik, baina ez da kezkatzen nauen zerbait. Prozesuarekin asko gozatzen dut, eta horrekin oso gustura nago.   

Nazioarte mailako sortzaile askok eman dute egonaldi horietarako izena. Zu izan zara aukeratutako gutxietako bat. Horrek poza eragingo zizun, ezta?    

Oso pozik nago. Ikusten da baita ere proiektuak izan dezakeela bide bat, edo babes bat. Eskertzekoa da aitortza bat egitea hain itxiak ez diren proiektuei, halako puntu zehatz bat ez duten filmeei, non esperimentazioak eta izandako bizipenek lekua behar izaten duten. Horrek lagunduko digu proiektuarekin jarraitzen eta beste instituzio batzuk tartean sartzen. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide