Nazioarteko politikan aditua ez naizen arren, gaur arraun kontuak alde batera utzi eta Europan dagoen gerra luze baten inguruan ariko naiz.
Oker ez banago, 2022an hasi zen Ukrainako gerra, lehenago liskar larriak baziren arren Errusiarekin. 2010eko hamarkadan Krimeako penintsula bereganatzeko indar guztiak egin zituen Errusiako armadak, baita lortu ere. Orduan ere hildako ugari eta hainbat sarraski izan ziren. Baina azkar ahaztu ginen Krimeako gorabeherez.
Orain hamar urte inguru, udako gau batean, afari merienda egin genuen elkartean kuadrillako lagun batzuek. Euria egin zuen eta inor gutxi zebilen kalean, abuztua izan arren. Ia dena jaso ondoren, hamaikak inguruan, 30 urte inguruko gazte kuadrilla bat sartu eta mahai inguru batean eseri zen. Atzerritarak ziren, eta ez zuten inoiz elkarte gastronomiko bat ikusi. Inork ulertzen ez genuen hizkuntza batean ari ziren, eta ingelesez ere nahiko baldar zekiten. Lau garagardo eskatu zizkidaten, kamarero itxura izango nuen, nonbait, sukaldeko mantal eta guzti bainengoen. Nik neure ingeles baldarrean azaldu nien hura ez zela taberna bat, bazkideak ginela, eta gure baimenarekin bakarrik sar zitezkeela hara. Elkar ulertzea lortu genuen, baina, mesedez, lau garagardo ateratzeko erregutu ziguten.
Atera nizkien, eta mahai gainean hogei euroko biletea utzi zuten. Ukrainarrak ziren, eta Zumaiako hotel batean zeuden ostatu hartuta, egun batzuetarako etorrita. Gure kostaldea ezagutzera etorri ziren. Surfean aritzeko asmoa zuten, eta nik Zumaiako surf eskolen berri eman nien.
Nire lagun batek kanturako gogoa zuen, eta kantu herrikoi bat abestu genuen, nolako abeslari onak ginen erakusteko atzerritar haiei. Boga boga izan zen, oker ez banago, kanta herrikoi hura. Ondoren ukrainarrak hasi ziren beren kantu herrikoiak ozen abesten. Jarraian berriro zumaiarron txanda: Maritxu nora zoaz, Isil isilik dago.
Ordubete inguru, eta beste lau garagardo tarteko, han aritu ginen kantuan zumaiarrak eta ukrainarrak. Sukaldea ere eskura zegoela ikusi ondoren zerbait jango zuela esan zidan batek. Ordurako dena garbituta zegoen, bai plater, bai labe, bai parrilla. Hurrengo batean elkarteko sukaldean Ukrainako janaria prestatuko zigutela hitzeman zigun gazteetako batek.
Ukraniar haiek gu bezelakoak ziren; sasoikoak, alaiak, langileak, gurasoak, kirolzaleak, bidaiatzea gustatzen zitzaienak; bazter eta jende berria ezagutzen ari ziren. Ametsak ere gure antzekoak izango zituzten, ziur nago: osasuna, lagunak, familia, lana egin eta lasai bizitzea.
Europa barruan dagoen gerra hori noiz eta nola amaituko da? Nork erabakiko du? Noren esku dago? Putin? Zelenski? Trump? Europa? AEB? Errusia? NATO? Edo auskalo zer multinazionalen interesen arabera dantzan gabiltzan hainbat herrialde desegin eta milaka herritar errugabe hiltzen diren bitartean.
Gu, zumaiarrak eta ingurukoak lasai bizi gara. Itzurunen edo arranplan bainatu, nahi dugunean pintxo bat jan, lagunekin kafea hartu, lanera joan, umeekin jolastu, Gabonetan turroia jan eta kantuan ibiliko gara... Batzuetan beldur naiz gerra hori piztu duten interesek ez ote duten etxeko atarira ekarriko egoera hori.