Zumaiako Pilota Elkarteak prest du webgune berria

Mireia Galarza Bastida 2026ko martxoaren 16a

Webgune berriaren itxura.

Webgunearen helburua da pilota "denengana" hurbiltzea, pilotariek egiten duten lana "ikusaraztea" eta kirol honen inguruan "komunitatea sendotzen jarraitzea".

Zumaiako Pilota Elkarteak "ilusio handiz" partekatu nahi du taldearentzat etapa berri bat: webgune berria martxan dute dagoeneko. Taldeak azaldu duenez, bertan bilduko dituzte "albisteak, jarduerak, emaitzak eta herrian egunetik egunera hazten ari den proiektu honen inguruko informazioa".

Webgunearen helburua da pilota "denengana" hurbiltzea, pilotariek egiten duten lana "ikusaraztea" eta kirol honen inguruan "komunitatea sendotzen jarraitzea". Aipatzekoa da, elkartearen hitzetan,  hemendik aurrerako izen emateak webgunearen bitartez egingo direla, bakoitzak nahi duen modalitatea aukeratuta. Gainera, sare sozialen bidez ere jarraitzeko aukera izango dute herritarrek, "azken berriak eta eguneraketak modu errazean jasotzeko".

Webgune berriaren sorrera aprobetxatu nahi izan du pilota taldeak klubeko bolondres, ikasle eta, bereziki, haien familiei "bihotzez eskerrak" emateko, "babesagatik, konpromisoagatik eta denboraldiz denboraldi proiektu hau aurrera eramatea posible egiten dutelako".

Era berean, beren jarduerekin kolaboratu edo babesle izan nahi duten enpresei, dendei eta pertsonei ateak zabalik uzten dizkiete. "Edozein laguntza, handia zein txikia, funtsezkoa da oinarrizko kirola sustatzen jarraitzeko eta pilotaren balioak —ahalegina, elkarlana eta tradizioa— gure inguruan bizirik mantentzeko", gehitu dute.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide