Zazpigarren eta hamaikagarren postuak Zumaiarentzat, San Pedroko XVII. Test Estropadan

Mireia Galarza Bastida

Zumaiako emakumeen trainerua, 32. Oriaren Traineru Jaitsieran. (Julene Sorarrain)

Saregileak Zarautzen aurretik sailkatu ziren, 11:49,40ko denboran. Mutilek, aldiz, 21:12,30eko denboran amaitu zuten atzoko proba. 

Atzo jokatu zuten eskualdeko traineruek San Pedroko XVII. Test Estropada. Bertan izan ziren emakumezko nahiz gizonezko arraunlariak, eta askotariko emaitzak eskuratuta itzuli ziren etxera.

Gizonezkoen kasuan, emaitza onenak Orioko lehen traineruak eta Getariak lortu zituzten, hurrenez hurren, bigarren eta hirugarren sailkatu baitziren. Donostiarrak irabazi zuen lehia, 20:10,22ko denbora lortuta, eta handik ia segundora helmugaratu zen Orio (20:11,11). Esperantza ontziak, aldiz, Orio baino bederatzi segundo gehiago behar izan zituen proba amaitzeko (20:20,10). Sailkapenean pixka bat beherago aurkitu daitezke eskualdeko gizonezkoen beste ontziak, zehazki, hamargarren postuan Orioko bigarrena (21:10,95), hamaikagarrengoan Zumaia (21:12,30), hamabosgarrengoan Zarautz (21:39,77) eta 23. postuan Orioko hirugarren ontzia (22:30,58). 

Nesketan, aldiz, Zumaia eta Zarautzek parte hartu zuten, eta horiek zazpigarren (11:49,40) eta zortzigarren (11:52,34) postuak eskuratu zituzten. Kasu horretan, Tolosaldea gailendu zen proban. 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide