Haurren danborradan izena emateko aukera dagoela gogorarazi dute antolatzaileek

Maddi Txintxurreta 2026ko martxoaren 16a

Santelmoetako haur danborrada, iaz. (Julene Sorarrain)

Apirilaren 12ko haurren danborradan parte hartzeko plazak daudela jakinarazi du Lakatz elkarteak. Danborra jotzeko nahikoa haur daudela esan dute, baina kupela jo nahi dutenek nahiz oinez otarrekin edo arraunekin joan nahi dutenek izena emateko aukera dute.

Apirilaren 12ko danborradan aterako diren haurrek hasi dituzte jada entseguak, hala ere, oraindik desfile zaratatsuan izena emateko aukera dagoela jakinarazi du Lakatz elkarteak. Danborra jotzeko nahikoa haur daudela esan dute, baina kupela jo nahi dutenek nahiz oinez otarrekin edo arraunekin joan nahi dutenek apirilaren 8ra bitarteko epea izango dute izena emateko. Danborradan arituko diren haur txikienak 2019. urtean jaiotakoak izango dira. 

Horretarako, interesdunek lakatzkulturelkartea@gmail.com helbidera idatzi beharko dute, edo antolatzaileei zuzenean jakinarazi danborradan parte hartu nahi dutela. Lakatz elkarteko arduradunek nabarmendu dutenek, beharrezkoa izango da haurren gurasoen izen-emate papera betetzea.

Otsailaren 28an hasi zituzten entseguak, eta martxoaren 28an egingo dute hurrena, larunbat honetan entsegurik izango, antolatzaileek zehaztu dutenez. Ohi bezala, 16:00etatik 17:30era bitartean egingo dituzte entseguak, Herri Eskolak Sagarbiden duen eraikineko gimnasioan.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide