Bihar arratsaldean hasiko da 24. Korrika Atharratzen (Lapurdi), eta AEK-k antolatzen duen euskararen aldeko egitasmoak Euskal Herria zeharkatuko du hilaren 29ra bitartean. Egun horretan, igandez, bukatuko da Korrikaren aurtengo aldia Bilbon, baina aurretik Urola Kostatik ere igaroko da; aurrena, martxoaren 25ean, asteazkenez, kostaldetik; eta ondoren, martxoaren 28an, larunbatez, barrualdetik.
Bihar Korrikaren hasierako ekitaldia zuzenean emango dute euskarazko hedabide hainbatek, 14:30ean hasita, eta hain zuzen ere, saio berezi horretan parte hartuko du Gukak; hedabidearen webgune guztietan ikusi ahal izango da emanaldia. Mireia Galarza kazetaria Atharratzen izango da biharkoan, beste hainbat hedabidetako kazetariekin batera; hango giroa jasoko dute zuzenekoan, baita Korrikaren hasierako ekitaldia bera ere.
Behin egitasmoa hasita, 24 orduko zuzeneko emankizuna eskainiko dute hedabide horiek, eta Gukaren webguneetan ere jarraitu ahal izango da kontakizun hori. Gainera, Urola Kostatik igarotzen den bi egunetan ere zuzeneko irudiak eskainiko ditu Gukak, eta Korrikaren furgonetan emankizun horren errealizazioan ariko da Urtzi Oteiza Urolako Komunikazio Taldeko teknikaria.
Halaber, Korrikak azken kilometroak Bilbon egin ostean ere zuzeneko emanaldia eskainiko dute euskarazko hedabideek martxoaren 29an, igandez. Bizkaiko hiriburutik ariko da zuzeneko kontakizuna egiten, besteak beste, Andoni Elduaien Gukako kazetaria.
Saio berezia
Korrika bitan pasatuko da Urola Kostatik, eta bi egun horietan egitasmoaren jarraipen berezia egingo du Gukak. Zuzeneko bideo emankizunaz gain, argazki bildumak nahiz bideoak ere argitaratuko ditu hedabideak, eta gainera, herritarren testigantzak bilduko ditu. Izan ere, Korrika amaitzen den egunean Korrikak eskualdean utzitakoa biltzen duen saio berezi bat eskainiko du Gukak webguneetan nahiz telebistan.
Halaber, Gukak hainbat kilometro erosi ditu eskualdeko herrietan, eta hedabideak bazkideen artean zozkatuko du lekukoa eramateko ardura. Datozen egunetan abisatuko die Gukak lekukoa eramatea egokitu zaien herritarrei. Horrez gain, eskualdeko ikastetxeetako ikasleei Korrikari lotutako marrazkiak egiteko eskatu diete Gukak eta AEK-k, eta irudi horiek denak ikusgai jarriko ditu webguneetan.
Bestalde, Korrikaren bueltan, hilaren 28rako Azkoitian prestatu duten egun osoko festan ere izango da Guka. Hain zuzen ere, lekukoak egiteko tailerra eskainiko du hedabideak 11:30ean, plazan. Zarautzen, berriz, igandean izango da Gukaren umeentzako eskulanen txokoa; 11:30erako jarri dute hitzordua Malekoian.
Korrika Txikiak ere egingo dituzte eskualdeko herrietan, eta horiek ere bilduko ditu irudietan Gukak.