Haur eta nerabeei zuzendutako udalekuak antolatu ditu udalak uda honetarako

Maddi Txintxurreta 2026ko martxoaren 18a

Haurrak jolasean, udalekuetan. (Zumaiako Udala)

Udako zaintza zerbitzua, udaleku irekiak, kirol udalekuak eta Musi-K udalekuak antolatu ditu Zumaiako Udalak. 2 eta 14 urte arteko haurrei eta nerabeei zuzenduta egongo da udako eskaintza.

2 eta 14 urte bitarteko haur eta nerabeei zuzendutako udalekuen nahiz kirol jardueren eskaintza oparoa antolatu du Zumaiako Udalak uda honetarako. Apirilaren 15etik aurrera irekiko dute jarduera gehienetan izena emateko epea.

Alde batetik, 2 urteko haurren zaintza zerbitzua izango da. Bestalde, HH3 eta LH6 bitarteko haurrentzako udaleku irekiak antolatu dituzte, eta, azkenik, Musi-K udalekuak izango dira HH4tik LH6ra artekoentzat. Bestalde, iaz lehenengoz antolatu zituzten kirol udalekuak egingo dituzte aurten ere, LH5 eta DBH2 bitarteko haur eta nerabeei zuzenduta.

Apirilaren 15etik hil horren 30era bitarte egongo da zabalik udaleku irekietan, kirol udalekuetan eta zaintza zerbitzuan izena emateko aukera. Aldiz, maiatzaren 4tik 22ra bitartean izango dute herritarrek Musi-K udalekuetan izena emateko aukera.

Hona hemen eskaintzaren inguruko informazioa:

Udazaintza zerbitzua: 2 urteko haurrentzat
2 urteko haurrei zuzendutako zaintza zerbitzua da honakoa, jolasean eta adin horretako haurren beharretan oinarritutakoa. Goizez eskainiko da zerbitzua, 09:30etik 13:00etara.

  • Izen ematea: apirilak 15etik 30era, online.
  • Txandak: Bi txandatan antolatuko da zerbitzua. Lehenengo txanda ekainaren 30etik uztailaren 10era izango da; bigarrena, uztailaren 13tik 24ra.

Udaleku irekiak: 3 eta 12 urte bitarteko haurrentzat
Zerbitzu honetan aisialdian oinarritutako eremu hezitzailea eskaintzen da, jolasa, elkarbizitza eta euskara ardatz hartuta. HH3 eta LH6 bitarteko haurrei zuzendutako jarduera da, eta goizez eskainiko da zerbitzua, 09:30etik 13:00era.

  • Izen ematea: apirilak 15etik 30era, online.
  • Txandak: Bi txandatan antolatuko da zerbitzua. Lehenengo txanda ekainaren 30etik uztailaren 10era izango da; bigarrena, uztailaren 13tik 24ra.

Musi-K udalekuak: 4 eta 12 urte bitarteko haurrentzat
Musika landu ohi dute haurrei zuzendutako saio horietan, baina baita dantza nahiz askotariko jolasak ere. HH4 eta LH6 maila arteko haur eta nerabeei zuzendutako ekimena da, eta goizez izango dituzte saioak, 09:30ean hasi eta 13:00etara arte.

  • Izen ematea: maiatzaren 4tik 22ra, Alondegian (alondegia@zumaia.eus, 943 861 056).

Txanda: Uztaileko bigarren hamabostaldian izango dira udalekuak (uztailaren 13tik 24ra).

Kirol udalekuak: 11 eta 14 urte bitarteko haur eta nerabeentzat
Kirol jarduera oinarri hartuta, haur eta nerabeen aisialdia modu aktiboan eta entretenigarrian landuko dute udaleku hauetan. Goizez izango dituzte saioak, 09:30ean hasi eta 13:00etara arte.

  • Izen ematea: apirilak 15etik 30era, kiroldegian.
  • Txandak: Bi txandatan antolatuko da zerbitzua. Lehenengo txanda ekainaren 30etik uztailaren 10era izango da; bigarrena, uztailaren 13tik 24ra.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide