Keretxudi udal baratze parkean libre dauden lursailak esleituko ditu udalak, eta horiek erabiltzeko interesa duten herritarrek eskaera orria bete eta udaletxean edo egoitza elektronikoan aurkeztu beharko dute apirilaren 1a baino lehen.
Udalak azaldu duenez, lursailaren aprobetxamendua edota erabilera urtebeteko epearekin emango da, eta epe hori gehienez 4 urte arte luzatzeko aukera izango dute onuradunek. Erabiltzaile bakoitzak 10,15 euroko tasa ordaindu beharko du hilabetero, baita 101,50 euroko fidantza jarri ere. Interes taldekoek edozein ordainketa egitetik eta fidantza aurkezteko egin beharrez salbuetsita egongo direla zehaztu du udalak.
Baratze gune honi helburu eta izaera soziala emateko asmoz, 48 baratzetatik %60a interes taldeentzat gordetzen du udalak. Interes talde berezitzat jotzen ditu ezaugarri bereziak dituzten kolektiboak, hala, nola, langabetuak, DBE hartzaileak, desgaitasunen bat dutenak edota guraso bakarreko bizikidetza unitateak. Gainerako partzelak herritarren artean zozkatuko direla esan du udalak, "errentaren arabera".
Eskaera orriarekin batera, NANa (edo horren ordezko den beste agiri legalen baten fotokopia) edo Bizikidetza Unitateko kide guztien diru sarreren egiaztagiriak (errenta aitorpena edo baliokidea) aurkeztu beharko dute herritarrek. Interes talderen batekoa diren herritarren kasuan, kolektibo horretako izateko bete beharreko baldintzak betetzen direla egiaztatzen duten dokumentazioa ere aurkeztu beharko dute, hala nola: langabezian daudela edo DBE jasotzen dutela egiaztatzen duten dokumentuak, aniztasun funtzionalaren egiaztagiria edo elkarbizitza-ziurtagiria eta epaitegiko sententzia.