Enrique Egino artista eta diseinatzaileak erakusketa zabaldu du gaur eguerdian, osteguna, Oxford aretoan. Apirilaren 6ra bitartean ikusgai izango dira Azkoitiko artistak Zumaiara ekarri dituen lanak.
Egino iaz estreinatu zen erakusketen munduan, Azkoitiko Etxebeltzen, eta orduan erakutsitako margolanak ekarri ditu orain Zumaiara, erakusketa aretoen bidaian egin duen bigarren geltokira, baina baita lan berriak ere. Hogei koadro ingururekin apaindu ditu Oxfordeko paretak, tamaina handikoak dira gehienak, eta kolore biziak nahiz zuri-beltzak aurki daitezke bilduman.
Artistak azaldu duenez, argazkian harrapatutako irudietatik abiatuta margotzen du, eta maiteago ditu objektuak eta erretratuak, paisaiak eta lan abstraktuak baino. Gainontzean, denetarik aurki daiteke Eginok begi-kolpe batez ehizatu eta mihisera eramaten dituen eszenetan: antxoak, ostrak, Azkoitiko parrokiako aingeruetako baten aurpegia, toreatzaileen trajeak, ala "izugarri" gustatzen zaion Rosalia musikariaren triptiko bat, gorri kolore bizikoa.
Umetatik gustatzen zaio margotzea, eta ofizioz, besteak beste, artista eta diseinatzaile lanetan aritu den arren, jubilatu ostean heldu zion pintzelari, eta amu hori ezin askatuta dabil gaurdaino, 73 urterekin. Pintore bainoago "margolari" dela dio, eta umil mintzo da bere lanaz, handinahirik gabe. "Gustatzen zaidalako egiten dut", esan du. "Zerbait saltzen badut, primeran, bestela, nire ilobek-eta esan izan didate, 'osaba, zu hiltzen zarenean koadro hau niretzat'", kontatu du barrez.
Enri Eginoren lanak apirilaren 6ra bitartean egongo dira ikusgai Oxford aretoan. Astebarruko egunetan, 18:00etatik 20:00etara izango da erakusketa bisitatzeko aukera, eta asteburuetan nahiz jaiegunetan, berriz, 12:30etik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara.