Goraldian da Euskal Herrian zinemagintzaren eta, oro har, ikus-entzunezkoen industria. Zineuskadik urtero ematen dituen datuen arabera, handitu egin da ekoizpena bai kopuruz, bai finantzaketari dagokionez. Plataforma handiek ere agertu dute Euskal Herrian ekoizteko edo euskal ekoiztetxeekin koprodukzioak sortzeko interesa, eta belaunaldi gazte trebatuaren bultzada ere nabari da. Zumaiar batzuk ere ari dira lehen pausoak ematen ikus-entzunezkoen ekoizpenetan. Zerk eraman ditu, baina, horiek zinemara? Nola bizi dute egiten ari diren bidea?
Oier Romatet eta Araitz Garate dira industria horretan bideari ekin dioten zumaiar horietako bi. Ikus-entzunezko Komunikazio gradua ikasiak dira biak, eta Argazki Zuzendaritza masterra egina gero Romatet, Madrilen. Unibertsitate garaian idatzitako proiektuari heldu berri diote Garatek eta biek 2025. urtearen amaieran, Zumaiako Udalak emandako diru laguntza bati esker. Elkarrizketa egunaren bezperan amaitu dute filmaketa, eta Garatek azaldu ditu labur prozesu horren ingurukoak: "Klima hondamendi bat gertatu da, eta ez dago nahikoa baliabide jende guztiak bizirik jarraitzeko. 10 urtetik gorako 700 pertsona bakarrik bizi daitezke herrixka batean, eta beraz, adin hori igarotakoan, gehiago izanez gero, norbait akabatu beharra dago". Testuinguru horretan kokatzen den familia drama bat da ondu dutena, Romateten hitzetan. Izan ere, giro hori eman diote lanari, beste kontu batzuez hitz egiteko aitzakia izateko: bakoitza zertarako prest dagoen, bakoitzak nola jokatzen duen heriotzaren aurrean, zer emateko prest dagoen ingurukoengatik eta zer ez.
Proiektu baten zuzendaritzan aritu dira estreinakoz 700 laburrean, eta ingurukoak ere inplikatu dituzte sorkuntza prozesuan. "Markel Goikoetxea artearen arloan laguntzen aritu da; Naia Unanue, produkzioan; eta Nerea Igoa, zuzendari laguntzailea izan da filmaketan", azaldu du Garatek. Emaitza ikusteko dago oraindik ere, baina lehen balorazioa egin dute dagoeneko. Romateten arabera, "inguruko jendeak beren mundua gertuagotik ezagutzeko" baliatu dute aukera, eta Garatek gaineratu du "polita" izan dela haiek ere proiektuan parte hartzea: "Markelek amaitzerako galdetu zigun noiz filmatuko genuen hurrengo proiektua... Ni ere gustura geratu naiz grabatu dugunarekin eta esperientziarekin. Lagun arteko zerbait izan arren, zuzendari aritzeak bertigoa ematen zidan, baina oso pozik nago".

Begira Bilboko ekoiztetxean egin zituzten praktikak Romatetek eta Garatek, biek ala biek. Praktikaldi haren bidez izan ziren lehenbizikoz filmaketa batean. Cara de bicicleta izeneko film laburraren grabaketan izan zen, hain zuzen ere, Garate –Zinebi jaialdian Ikuslearen Saria jaso du igaro berri den urtean ikus-entzunezko horrek–. Bestalde, zumaiarra Tamara ta mara Primeran plataformarako telesailean ere aritu da zuzendari laguntzaile lanetan, ekoiztetxe berarekin. Romatetek, berriz, Argazki Zuzendaritza masterrari esker parte hartu du filmaketa batzuetan, eta Madrildik itzuli denetik, Garaterekin aritu da Tamara ta Mara telesailean. Zuzendaritzan aritzeko aukera eman die lan horrek. "Zuzendaritza partekatu dugu, nolabait: gidoiarekin, aktore zuzendaritzarekin eta jantziekin arduratu da Garate; eta errealizazioan, berriz, ni", esan du Romatetek.
Malen Trenadok, berriz, Mondragon Unibertsitatean egin zituen ikasketak. Produkzioaren arloa ezagutu ahal izan zuen 3. eta 4. mailetan, eta gustatu zitzaion arren, urte sabatikoa hartu zuen gradua amaitutakoan, ez baitzuen argi zertan sakondu nahi zuen. "Bartzelonara joan nintzen, Terrassara, zinema eskola batera, ESCAC eskolara. Han erabaki nuen Produkzio Zuzendaritza graduondokoa ikastea". Itzuli zenetik zenbait proiektutan aritu da lanean, batik bat, film laburretan eta bideoklipetan.
Lan egin, lana izateko
Eskaintzak jasotzeko zain egon gabe, Romateten ustez, garrantzitsua da norbere kabuz "gauzak egiten" hastea. 700 film laburraren grabaketan, esaterako, ikasketetan ezagututako kideen laguntza izan dute: "Madrilgo ikaskideak laguntzera etorri dira, eta hurrena ni joango naiz. Badakigu hasieran horrela egiten dela lana eta gure curriculuma aberasteko balio duela. Gainera, grabaketa batean norbait ezagutzen baduzu, posible da hurrengoan hark ere lanerako deitzea". Horri lotuta, industrian lehen pausoak emateko, kontaktuak izatea eta ahoz ahokoa "oso garrantzitsuak" dira Romateten ustez. Bat dator horrekin Trenado ere. Hain zuzen ere, "pribilejiatua" sentitzen dela aitortu du hark, produkzio etxeekin harremanetan jarri eta erantzuna jaso zuelako, baina badaki bere kasua "salbuespena" dela: "Nire ingurukoei kostatu egin zaie lehen lana topatzea".
Zinemagileen ustez, ahoz ahokoa da gakoa zinemagintzan lehen lanak lortzeko
Lanerako aukerarik suertatuz gero, zalantzarik gabe heldu egin behar zaio, Garateren ustez. "Unibertsitatean praktikak egiteak asko lagundu digu guri. Praktikaldia leku onean egitea tokatu zaigu, gainera. Izan ere, horri lotuta etorri dira eduki ditugun lan gehienak. Ez da erraza praktikak egiteko leku apropos bat topatzea, baina nik garrantzia emango nioke horri", esan du. "Hermetikoa" da ikus-entzunezkoen industria, Iñaki Agirrezabalagaren hitzetan. Hark ere uste du errazagoa dela ikastokian bertan lan mundura gerturatzeko harremanak egitea, baina zailagoa da hori Euskal Herrian: "ESCACen edo kanpoan ikasita errazagoa da. Euskal Herrian, baina, gehiago kostatzen da kontaktu horiek egitea".
Jakitun dira lehen lan horiek eginez nekez irabaziko dutela dirurik. "700 laburra egitean, esaterako, inork ez du dirurik ikusi; jaso duguna zuzenean proiektua finantzatzeko erabili dugu", aitortu dute haren egileek. Horregatik, halako lanak "sakrifizioa" ere badira Romateten ustez: "Denbora eman behar zaie halako proiektuei, bueltan ezer jaso gabe, dirurik jaso gabe. Beste zerbaiti eskainiko ez diozun denbora eskaintzen diozu proiektuari, eta nik, esaterako, azken asteetan ingurukoentzako denborarik ez dudala izan sumatu dut. Batzuetan, gauza batzuetan egon ahal izateko lana alboratzen jakin egin behar da, baina aldi berean, lan hori egin egin behar duzu, gerora ere lanean jarraitu ahal izateko".

Trenadok zinemagintzaren sektorearen desegonkortasuna izan du hizketagai. Haren hitzetan, "gogorra" izaten da ziurgabetasuna: "Bi hilabete pasatu ditzakezu filmaketa batean, eta amaitutakoan, ez dakizu bi hilabetera lanean ariko al zaren". Romateten arabera, horrelaxe funtzionatzen du industriak: "Filmaketa batean 11 orduz jarduten genuen egunero lanean. Errealizadorea nintzen ni, eta lan karga zuzendariarekin partekatzen nuen. Etxera joandakoan, beste hiru ordu eskaintzen genizkion hurrengo eguneko prestaketari, beraz... Grabaketak, gainera, oso jarraian izaten dira; adibidez, egin daiteke grabaketa bi astetan, egunero, eta denbora horretan ez duzu izaten astirik sakelakoa begiratzeko ere. Dena den, gerta daiteke grabaketak bukatu eta ezer gehiago ez edukitzea". Gakoa proiektuak bata bestearen atzetik kateatzea dela esan du Romatetek, bat amaitu bezain laster beste batean lanean hastea, alegia; baina beti ez da posible, eta hori kontuan hartzen dela dio: "Badago lan hitzarmen bat ere. Horren alde ona da kontuan izaten dutela hori soldatetan eta kontratuak egiterakoan".
Bultzada ekonomikoa
Zinemagile gazte guztiek beharrezkotzat jotzen dute erakunde publikoen bultzada ekonomikoa. Romateten esanetan, artera diru publikoa bideratu behar da, nahiz eta aitortu duen ez dela erraza sosak eskuratzea: "Diru laguntza jasotzeko, esperientzia eskatzen dute askotan; puntuak egin behar dira laguntza jasotzeko. Saiatu arren, beraz, posible da laguntzarik ez lortzea, esperientzia faltagatik. Proiektua izan daiteke originala, baina posible da dirurik ez lortzea; izan ere, kostatu egiten da sistema horretan sartzea". Askotan, diru laguntza deialdietara aurkezteko aurrez lan asko egin behar izaten dela ere esan du: "Askotan proiektuak lantzen dira, gero izkina batean edo PDF batean geratzeko. Dena den, guk unibertsitate garaian garatu genuen 700 proiektua, eta orain, diru laguntzari esker heldu diogu proiektuari".
Gaztea izanagatik, Ekain Albite ibilbide oparoa egina da dagoeneko zinemagintzan, eta udalaren diru laguntza bati esker ari da gaur egun proiektu bat garatzen. Euskal Herrian bizi den komunitate georgiarraren inguruko lana ari da ontzen: garapen fasean dago proiektua gaur-gaurkoz, Albiteren esanetan, eta orain arte, herritar georgiarrak eta haien egunerokoa ezagutzen jarri dute arreta. Haren hitzetan, halako lanak egiteko "ezinbestekoak" dira diru laguntza publikoak, zinemagintzan ez delako beti errentagarritasun ekonomikoa bilatu behar: "Errentagarritasunetik at planteamendu eta ikuspegi desberdinak egon daitezen, pelikula ausartagoak egin daitezen, ezinbestekoa da erakundeen inbertsioa".
Laguntzak pertsona fisikoei zuzendurikoak izatea nahitaezkoa dela nabarmendu du Trenadok, gainera. Izan ere, haren hitzetan, enpresa egiturarik ezean, zaila izaten da finantziazioa lortzea eta proiektuak aurrera eramatea. Diru laguntza ematerakoan, gainera, kontuan hartu behar lituzketen zenbait kontu aipatu ditu: "Erakundeek ohartu behar dute beraiek emandako diru laguntza horrekin ordaindu behar izaten dela lantaldea". Dena den, Romatet eta Garate bezala, Trenado bera ere dirurik jaso gabe aritu izan da lanean: "Ordainduta dugu materiala, baina langileok kobratu gabe ari gara grabaketetan".

Horregatik guztiagatik, prozesua emaitza baino aberasgarriagoa izaten da askotan, Romateten ustez. "Filmaketa batzuetara joateko gogorik ez edukitzea normala dela esan izan didate. Jendeak garrantzi handia ematen dio grabaketa prozesuari, eta ondorioz, garrantzitsua da giro erosoan lan egitea. Zuzendariarentzat ere lanik inportanteena izan daiteke grabaketa, baina gainerakoak ere lanera joaten gara. Beharrezkoa da giro ona izatea taldean; gutxienekoa da". Garatek ere uste du emaitza garrantzitsua dela, lana "ahalik eta ondoen" egin behar dela, baina prozesuarekin ez gozatzeak eragina izan dezakeela uste du, eragin negatiboa, emaitzean ere suma daitekeena.
Aretoak husten, pantailak pizten
Hiru fase ditu film baten hedapenak, Trenadoren ustez: zinema aretoak, plataformak eta telebista. Eta fase horiek mantentzea garrantzitsutzat jo badu ere, lehena iruditzen zaio guztietan beharrezkoena: zinema aretoak. "Zinema egiten duzunean, lana aretoetan erakustea nahi izaten duzu. Plataformek lagundu diezaiekete zure pelikuei industrian jarraitzen, baina aretoan dira garrantzitsuenak", argitu du.
Zinemagileak izanik, maiz joaten dira lagunak zinemara, baina nabaritu dute gizartean eman den kontsumo joera aldaketa. Romateten ustez, "esperientzia bat" da zinemara joatea, plataformetan kontsumitzea ez bezala: "Plataformak eskuragarri ditugunez, jendeak ez du ordaintzen edukiak zinema aretoan ikusteko, baina esperientzia bat da aretoetara joatea". Gainera, orain arte, filmak zinema aretoetan emateko egiten zirela esan du Romatetek, baina orain guztia "nahasten" ari dela uste du: "Roma filma, adibidez, Netflixen jarri zuten aurrena, eta gero eraman zuten zinemetara".
Zinemagileak izanik, maiz joaten dira zinemara, baina nabaritu dute aretoen hustutzea
Trenadori bai, baina Romateti ez zaio axola film bat zinema aretoetarako edo plataformetarako egitea, nahiz eta estiloa aldatu egiten dela aitortu duen. Agirrezabalagak, bere aldetik, esan du zinemagintzan hiruzpalau urte daramatzala, eta ez duela ezagutu plataformarik gabeko industriarik: "Gaur-gaurkoz, ezin dut baieztatu kontsumitzeko moduak gure lanean eraginik ba ote daukan". Edukien izaera komertzialak arduratzen du Romatet: "Netflixen parean jartzen dizutena ikusten duzu, eta gero, ikusitako hori gomendatzen diozu norbaiti. Baina atzean dauden edukiak ikustea ere beharrezkoa da".
Bide beretik aritu da Albite. Haren hitzetan, plataformek eragin handia dute sortzen diren film motari dagokionean: "Plataforma batzuek indar handia dute, eta baldintza batzuk inposatzeko gaitasuna dute. Horrek ekarri du, adibidez, filmen homogeneizazioa". Dena den, azken urteotan laboratorioen, jaialdien eta abarren eraginez beste milaka begirada ere sortu direla ere nabarmendu du, eta hori "positiboa" dela uste du, baina ez Euskal Herrian asko filmatzen delako bakarrik: "Arriskutsua da gehiago filmatzea positiboki baloratzea; izan ere, ikusi besterik ez dago nola bihurtu dugun gure herria plato bat. Zentzu horretan, badugu zer hausnartua euskaldunok: herria industriaren esku uzten baldin badugu, atzean uzten ari gara kulturak eta arteak duten balioa. Aukera sortzen du euskal zinemagileentzat, baina arrisku bat ere bai".