Kirola, emakumeak ahalduntzeko erreminta

Juan Luis Romatet 2026ko martxoaren 22a

Zumaiako Emakumeon Etxeko kirol jardueretan aritutako emakume taldea.

Bere jardueren artean kirola sustatzea edo kirol jarduerak antolatzea ez badaude ere, Zumaiako Emakumeon Etxearen aterpean kirola praktikatzeko taldeak sortu dira azken urteotan. Lehia alde batera utzita, ahalduntzeko pausoak ematen dituzte jarduera horietan parte hartzen duten emakumeek. Otsaileko Zumaia Guka aldizkarian argitaratutako erreportajea da honakoa.

Duela lau urte zabaldu zutenetik, tailer, ikastaro edo ekitaldiz betetako egitarau aberatsa prestatzen dute urtero Zumaiako Emakumeon Etxean. Hainbat kirol probatzeko aukera ematen duten hastapen ikastaroek bere lekua dute programazioaren barruan. Hasiera eta bukaera duten ikastaroak izaten dira, laburrak, egun apur batzutakoak haietako batzuk; ez dituzte denboran jarraipena izateko asmoarekin planteatzen. Hori hala izanda ere, hastapen ikastaro horietatik abiatuta talde bat baino gehiago sortu dituzte azken urteotan Emakumeon Etxearen aterpean.

Ardantzabiden dagoen eraikina oraindik asmo bat besterik ez zenean hasi ziren herriko zenbait emakume korrika taldean egiteko elkartzen. "Lilatoia prestatzeko korrika saioekin hasi ginen", du gogoan Vanessa Arbelaitzek. Atzera begira jarrita, Donostian egiten duten lasterketa prestatzeko korrika saio haiek elkartzeko aitzakia moduan ikusten ditu Emakumeon Etxeko kideak. "Korrika egiteaz haratago, elkartzea ere bazen asmoa, kirola beste modu batean ezagutzeko eta bizitzeko, klubetan egon daitekeen egiturarik eta presiorik gabe, eta elkarren laguntza eta babesa izanda", dio palan, korrika zein mendiko jardueretan aritu izan den lagunak. Babesarena da elkarrizketan zehar errepikatzen den ideietako bat. Izan ere, Arbelaitzek gogoan duenez, hasiera hartan kirola egin nahi zuten emakumeek "lotsa" sentitu zezaketen "korrika egitera batera ateratzeagatik". Beldurra ere bai, "maila jakin batzuetara heldu ezin izateagatik”.

Ezkerretik eskuinera, goian: Jone Tena, Vanessa Arbelaitz, Aratz Zearreta eta Sara Cortes; behean: Istar Gonzalez, Pilar Martin eta Ines Aseginolaza.

Gaur egun egoerak bestelakoa dirudien arren, Arbelaitzen esanetan, emakumeek oraindik ere zailtasunak izan ditzakete kirola praktikatzeko. "Nik uste horregatik dela garrantzitsua Emakumeon Etxeak jarduera horiek sustatzea, kirola eta mugimendua beste modu batera ikusteko aukera ematen dutelako; kirola egiteak ahaldundu, indartu eta ondo sentiarazten zaituelako, eta bizitza ikusteko beste modu bat ematen dizulako", azpimarratu du. Bere iritziz, "zailtasunei aurre egiten laguntzen du" jarduera horietan parte hartzeak: "Hau espazio seguru bat da, eta segurtasun hori edukitzeak lagundu egiten die emakumeei". Taldearen babesa eta segurtasuna izanda ere, jakitun da Arbelaitz norberaren esku dagoela lehen pausoa ematea; "norberak izan behar du ausarta erabakia hartzeko", errepikatu du. Ideia horrekin bat egin dute erreportajerako hitz egin duten beste emakumeek. "Hasieran, kostatu egiten da pauso hori ematea, esfortzu bat suposatzen duelako", berretsi du Pilar Martin mendiko taldeko kideak.

Urratsez urrats, emakumeen presentzia areagotu egin da kirol munduan orokorrean, baina baita Zumaian ere. Egun, Zumaiako kirol klub guztietan aritzen dira emakumeak, eta herrian antolatzen diren lasterketa eta kirol jardueretan ere emakumeen parte hartzea handitzen joan da urtetik urtera. Arbelaitzen ustetan, "ez da kasualitatea", hori hala izan dadin "aurretik lan handia egin delako, bai kirol klubetan, baita Emakumeon Etxean bertan ere". Ereduak eta erreferentziak eduki izana ere garrantzitsua iruditzen zaio Arbelaitzi. "Gaur egun, [kirolean] emakume erreferenteak barra-barra daude", esan du.

Emakumeon Etxean kirol saila edukitzea helburuen artean ez dagoela nabarmendu dute

Emakumeon Etxeak antolatutako jardueretan lehia bigarren mailan uzten dutela ere nabarmendu du Arbelaitzek. "Txapelketak jokatzen ditugu eta badago lehiakortasuna, baina begirunearekin, beti ere; helburua ez da irabaztea, ez da bestea zapaltzea eta bestearen gainetik jartzea". Iritzi berekoa da Aratz Zearreta, Emakumeon Etxeko dinamizatzailea: "Helburu nagusia elkarrekin egotea eta mugitzea da, eta ondo pasatzea. Inork ez zaitu hemen epaituko, inork ez dizu ezer esango eskubaloiko jokaldi bat ezin baduzu egin, edo mendi tontor batera ezin bazara heldu. Gero, bakoitzak egingo du bere bidea".

Zentzu horretan, Zearretak argi utzi nahi izan du Emakumeon Etxearen helburuen artean ez dagoela kirol sail bat edukitzea edo kirol jarduerak antolatzea. "Gure ardura, izatekotan, herrian dauden kirol klubek emakumeen rola barneratzea da", azaldu du, eta gaineratu du kirol ikastaroak edo jarduerak antolatu badituzte, "hutsune" batzuk antzeman dituztelako dela. "Jendeak dituen beharretatik sortu dira egitasmo horiek. Gizartearen bilakaerak eskatzen duen erantzuna dira. Adinean aurrera eginda ere, kirola praktikatu nahi du jendeak, eta emakumeak ere hor gaude; espazioak falta dira, antolakuntza ere bai", nabarmendu du dinamizatzaileak.

Herriko kirol elkarteekin dituzten harremanei dagokienez, Zearretak azaldu du "normalean" beraiek jartzen direla harremanetan klubekin, "hemen [Emakumeon Etxean] eskaera bat egon delako". Klub batzuekin duten harremana "oso erraza" dela nabarmendu du, "emakumeen beharrak barneratuta" dituztelako, baina beste batzuekin ez dela hain erraza izaten. "Hausnartzen jarraitu beharko dugu gizarte gisa nora joan nahi dugun". Arbelaitzek bat egin du ideia horrekin, eta gaineratu du "erronka handiak" daudela, "pertsonalak zein interpertsonalak", eta gizarteak berak ere horiei aurre egin behar diela. Kirolak eta mugimenduak "eraldaketa eta ikuspegi aldaketak" behar dituztela ere adierazi du Arbelaitzek.

Elkarguneen abiapuntuak

Hainbat kirol probatzeko hastapen ikastaroak antolatzen dituzte Emakumeon Etxean. Besteak beste, surfean, eskaladan edo skatean aritzeko aukera izan dute izena emandako emakumeek. "Gauza desberdinak probatzeko aukera ematen digu horrek", dio Istar Gonzalezek. Korrika saioetan hasi zen Gonzalez, eta egun mendiko taldean ere aritzen da. Hastapen ikastaro horiei esker beste kirol batzuk ere probatu dituela gaineratu du. "Aspalditik nuen patinetan ibiltzeko gogoa, eta ikastaroa atera zenean, apuntatu egin nintzen". Gonzalezen ustez, talde baten babesean aritzeak erraztu dezake, bere kasuan bezala, aurrez praktikatu gabeko kirol bat probatzea. "Gaitasuna izan dezakezu ala ez, baina probatzeko aukera izatea eskertzen da. Aberasgarria da; izan ere, dakienak ez dakienari erakusten dio, eta horrek indarra ematen du aurrera egiteko".

Emakumeon Etxearen eskaintzan "kirol baten edo biren" hastapen saioak sartzen ahalegintzen direla azaldu du Zearretak. Hasiera eta bukaera duten ikastaroak izan ohi direla gaineratu du. "Hala antolatzen ditugu, baina jendearen beharren edo eskaeren arabera moldatzen ditugu. Hastapen ikastaroetatik abiatuta, elkarguneak sor ditzakete". Hala, palako taldea astero biltzen da frontoian, hilero egiten dituzte mendi irteerak, eta futboleko eta eskubaloiko taldeak ere sortu dituzte, esaterako.

Skateko hastapeneko tailerra.

Eskubaloiko taldean aritzen dira Jone Tena eta Sara Cortes. Biak ere Pulpon aritutako lagunak dira, eta 2024an otu zitzaien Emakumeon Etxeko eskubaloi taldea sortzea. "Partida bat jokatu genuen Pulporen 50. urteurrenaren harira, eta haren amaieran, poteatzen ari ginela, jendea berotu egin zen; taldea sortu behar genuela zioten, eta astebetera edo bi astera Whatsappeko taldea sortuta zegoen", kontatu du Tenak.

Klub batean aritzeak suposatzen duen presioa alde batera utzita aritzen direla diote Tenak eta Cortesek. "Hemen ez dugu irabazteko beharrik; eskubaloian jokatzea zer zen gogoratzeko elkartzen gara”, dio Tenak. Iaz partidaren bat edo beste jokatzeko gonbidapenak jaso zituzten, Urdaibaitik (Bizkaia) eta Oriotik, baina oraindik entrenatzera mugatzen direla dio Cortesek. "Hasieran, hilean behin-edo elkartzen ginen entrenatzeko, baina talde gisa egoteko aukerarik ez genuen izaten. Partidak jokatzeko eskaintzak jaso genituenean, baiezkoa emateko gogoa bagenuen, baina itxura ona ere eman nahi genuen. Horregatik, uko egin genien gonbidapenei eta aurrerago joango ginela esan genien", gaineratu du.

Partidarik ez dute jokatu, baina gauzak serio hartu dituzten adibide, entrenamenduak areagotu egin dituzte; saioak hiru astean behin egiten dituzte orain. Hala ere, Cortesen arabera, zortea ez dute aldeko: "Finko samarrak ziren jokalari batzuek orain ezin dute parte hartu, eta gure kasuan taldea egitea beharrezkoa da. Gutxienez zortzi bat lagun behar ditugu entrenatu ahal izateko, bestela justu ibiliko garelako; baina azkenaldian sei bat lagun etortzen dira". Tenaren arabera, partaide gutxi dituzte, aurrez eskubaloian jokatu izan dutenak elkartzen direlako. "Inoiz aritu ez den baten bat etorri izan da probatzera, baina ez dute jarraitu". Umoretsu, deialdia egin beharko dutela dio Cortesek. "Adin batetik aurrerako jokalariak inguratzea da asmoa".

Eskubaloiko eta futboleko taldeek beste arazo bat izaten dute: jokatu edo entrenatu ahal izateko instalazioak izatea. "Kiroldegiko kantxa edo futbol zelaia erabiltzeko hitzordua lortu behar da, eta zerrendan azkenak izaten gara", damu da Zearreta. "Saio guztiak igande arratsaldetan izaten dira. Eskubaloi taldeak egutegia aurretik jasotzen du eta badaki noiz duen txanda; futbolekoak, aldiz, ostegunera edo ostiralera arte ez du jakiten igandeko zer unetan libratuko den futbol zelaia". Zearretaren ustetan, "horrek guztiak ez du errazten jarraikortasuna izatea".

Aplikaziotik mendi tontorrera

Hastapen ikastaroen artean, bitxia bezain arrakastatsua izan da Wikiloc aplikazioaren berri emateko Ana Egañak eta Ines Aseginozalak emandakoarekin gertatutakoa. "Bi arratsaldetan eman beharreko ikastaroa zen, eta mendi talde bihurtu da azkenean; Whatsappeko taldean ehundik gora emakume ditu taldeak", azpimarratu du Zearretak.

Duela hiru bat urte egin zuten aipatu ikastaroa. "Ana Egañak eman zuen; ni laguntzaile gisa aritu nintzen", nabarmendu nahi izan du Aseginolazak. Ikastaroa amaitu zutenean, irakatsitakoa praktikan jartzeko irteera sorta prestatzea otu zitzaien. "Otsaila-edo izango zen, eta uda arteko irteerak egitea proposatu genuen". Uda igaro zen, eta udazkena heltzearekin batera, irteerak antolatzen jarraitu zuten, "gaur egunera arte", Aseginolazak dioen bezala.

Hilero egiten ditu irteerak Emakumeon Etxeko mendi taldeak, eta azken urteetan uda partean egiten dituzten txangoak gehitu behar zaizkie horiei. Zearretak laburbildu duenez, Enaren Ibilbidearekin hasi ziren, "eta orain, de facto, taldekideek espero dute nonbaitera txangoa antolatuko dela; horren esperoan egoten dira". Interes horren erakusle da aurtengo txangorako 45 lekuak astebeteko epean bete direla.

Lekua gorde dutenetako bat da Pilar Martin. Mendizalea inoiz izan ez dela dioen arren –"hemen irteera txikiak egiten nituen, Zumaiako Bira eta"–, iaz Monte Perdido (3.355 metro) igo zuen, Emakumeon Etxekoekin Pirinioetara egindako txangoan. "Duela bi urte hasi nintzen Emakumeon Etxera etortzen, Inesen [Aseginolaza] bidez, eta hemen talde bat aurkitu nuen. Jakin nuen Pirinioetara joan behar zutela, eta horretarako indarra nuela sentitu nuen". Beldur pixka bat bazuela dio, "pentsatzen nuen ez nintzela gai izango., baina babestu ninduten, lagundu ninduten; eta barre eginez, konturatu gabe gorantz gindoazen, eta heldu ginen Monte Perdidoko tontorrera”.

Harremanak sortuz

Elkargune bihurtu ez badira ere, hastapen ikastaroetan aritutako emakume batzuk kirola praktikatzen jarraitu dute. Surfeko ikastaroan aritu izan diren emakume batzuk Zarautzera joan dira, Emakumea Surflari egitasmoan parte hartzera. "Eskaladako taldetxo bat ere badago, eta hastapen ikastaroan ibili zirenak elkarrekin joaten dira kirola praktikatzera. Ikastaro horietatik harremanak sortu dira", dio Zearretak.

Ikastarotik abiatuta, ehundik gora emakume biltzen dituen mendi taldea sortu dute

Bestelakoa da beste elkargune batzuen kasua, korrikakoarena, esaterako. "Lilatoiaren ondoren desagertu egiten den elkargunea da", dio Zearretak. Hala ere, balorazioa positiboa dela dio, hastapeneko ikastaroan hasi zen emakume andanak bere bidea egin duelako. "Taldea egin dute, eta Indamendiko korrika edo mendiko taldeetan aritzen dira, baita antolatutako lasterketetan ere. Horregatik, akaso asteazkenetako elkargune hori ez da beharrezkoa", onartu du dinamizatzaileak. Hala ere, ez du baztertzen Lilatoiaren atarian berriro ere prestaketa saio batzuk antolatzea, ez baita ahaztu behar azken urteotan behin baino gehiagotan saritu dutela Emakumeon Etxea, Lilatoiko talde handiena izateagatik.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide