Gipuzkoako Boxeo Txapelketako finala irabazi du Jesus Magnavyk

Maddi Txintxurreta 2026ko martxoaren 22a

Bi boxeolari Gipuzkoako txapelketako finaletako batean, Orioko Karela kiroldegian. (M. Txintxurreta)

Gipuzkoako Boxeo Txapelketako finalak jokatu dituzte gaur Orion, eta Zumaiako klubeko Jesus Magnavyk Euskadiko txapelketara sailkatzea lortu du.

Giroa bero izan da gaur goizean Orioko Karela kiroldegian, ringean zein harmailetan. Gipuzkoako Boxeo Txapelketa jokatu dute bertan; hamar borrokaldi izan dira guztira, eta lanak bikain egin ditu Zumaiako klubeko Jesus Magnavyk: Oinatz Arean (Latigo taldea) garaitu du 60 kiloko elite kategorian eta, beraz, Euskadiko txapelketa jokatzeko txartela lortu du.

Boxeolari juniorren eta gazteen arteko borrokaldiarekin hasi da ekitaldia, eta finaleko emakumezko borrokalari bakarrak igo dira gero ringera, Nuria Ariztimuño (Anoeta) eta Alazne Mancha (Sorabox). Atzetik, gainontzeko borrokaldiak jokatu dituzte, bost kiloka antolatutako kategorien arabera. Juniorrek bi minutuko hiru round jokatu dituzte borrokaldi bakoitzean, eta gainontzekoek hiru minutuko hiru round. 

300 pertsona inguruk bete dituzte Karela kiroldegiko harmailak, eta gustura agertu da Libana Taboada Gipuzkoako Boxeo Federazioko presidenteordea. "Maila polita egon da, eta herriko goxotasuna ere igarri dugu", adierazi du.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide