Denboraldi borobila izan da aurtengoa Kbi Zumaiako xake klubarentzat. A taldeak Euskal ligako Ohorezko mailara igotzea lortu duen urte berean, Gipuzkoako ligako bigarren mailan lehiatu den B taldeak ere beste igoera bat erdietsi du, eta datorren urtean lehen mailan arituko da.
Pasa den larunbatean jokatu zuten ligako azken jardunaldia. Etxean aritu ziren Kbikoak, Hogarrean, eta Anaitasuna-Kakute B talde azkoitiarra izan zuten aurkari. Jokatutako lau partidetatik hiru irabazi zituzten Zumaiakoek, eta bakarra galdu. Hala, 3 eta 1 emaitzarekin irabazi zuten azken jardunaldiko norgehiagoa. Fermin Lauroba, Julio Hernan Andrade, Oscar Aizpurua eta Andoni Harys Palawo aritu ziren Kbiren B taldearekin denboraldiko azken jardunaldian.
Urteko azken partidak jokatuta, bigarren postuan amaitu du liga Kbi B-k, 16 punturekin, lider amaitu duen Gros I-rengandik bi puntura, eta hirugarren egin duen Astigarra B-rekin berdinduta. Hiru talde horiek lortu dute mailaz igotzea, eta datorren denboraldian lehen mailan arituko dira.