Championship Tour (CT) txapelketan aritzeko lehen ordezko bezala aukeratu dute Annette Gonzalez Etxabarri surflaria. Zortzigarren postuan amaitu du zumaiarrak Challenger Series zirkuitua, eta postu bakarrarengatik ez du lortu CT txapelketan izatea. Hala, ordezko bezala, CT-n arituko diren 24 surflariren batek ez badu zirkuitu horretako txapelketaren batean parte hartzen, Gonzalez-Etxabarrik izango da lehen ordezkoa haren lekua betetzeko.
18 urte besterik ez ditu Annette Gonzalez-Etxabarrik, eta dagoeneko emaitza bikainak erdietsi ditu. Challenger Series bertan, hirugarren egin zuen US Open txapelketan, eta finalera heldu zen Saquarema Pro proban. Hala ere, 800 punturengatik ezin izan zuen CT-n aritzeko aukera ematen zion zazpigarren postua mantendu.