Pasa den astean iragarri bezala, aurten hiru egunetan egingo dute 27. Zumaia Flysch Trail mendi lasterketarako izen ematea. Asteartean, asteazkenean eta ostegunean egongo da trailerako izena emateko aukera, hiru egunetan, 20:00etatik aurrera.
Bihar, asteartea, emakumeen eta ez binarioen txanda izango da. Lasterketa laburrerako 115 txartel aterako dituzte, eta 175 distantzia luzerako. Asteazkenean, junior kategoriako kirolariek izango dute izenan emateko aukera. Guztira 50 txartel aterako dituzte kategoria horretan, emakume eta gizonezkoentzako 25na. Azkenik, ostegunean gizonen txanda izango da. Hemen ere 115 txartel aterako dituzte distantzia laburrerako eta 175 luzerako.
Izen ematea zumaiaflyschtrail.eus edo kronoak.com webgunetan egongo da, junior kategoriakoena izan ezik. Prezioei dagokionez, 30 euro ordainduko dira lasterketa luzean parte hartzeko eta 20 euroa korrika saio laburrerako. Epea irailaren 18an itxiko dute, beti ere lekuak aurretik betetzen ez badira.