Winter Series txapelketa irabazi dute Mugartegik eta Frida Watkinsek

Juan Luis Romatet 2026ko martxoaren 24a

Erika Mugartegi eta Frida Watkins, irabazleen txapelarekin. (Eraman)

Atzo arratsaldean jokatu zuten txapelketako finala Durangoko Ezkurdi pilotalekuan. Markina-Xemeingo aurrelariak eta Zumaiako atzelariak osatutako bikoteak hiru jokotan irabazi zuen finala. 

Garaipen handia lortu zuten Erika Mugartegik eta Frida Watkinsek atzo Durangoko Ezkurdi pilotalekuan jokatutako Winter Series txapelketako finalean. Helena Barrenetxea eta Arai Lejardi bizkaitarrak izan zituzten aurkari irabazleak erabakitzeko partidan, eta hiru jokotan erabaki zen partida. 

Mugartegiren eta Watkinsen arteko komunikazioak ez zuen hutsik egin lehen jokoan. Pilota biziarekin nagusi izan ziren biak, eta aipagarria da joko horretan Frida Watkins izan zela tanto gehien egin zuen pilotaria; sei tanto egin zituen guztira, gehienak eskuinaz, ezker hormara gurutzatuz. 15 eta 8 emaitzarekin irabazi zuten jokoa markina-xemeindarrak eta zumaiarrak.

Bigarren jokoan erabat aldatu zen panorama. Pilota motelagoa kantxaratu zuten Barrenetxeak eta Lejardik eta jokoa atzeko koadroetan kargatu zuten, Watkins zigortuz eta nekaraziz. Joko horretan apenas sartu zen jokoan Mugartegi, eta 4 eta 15 emaitzarekin nagusitu ziren Barrenetxea eta Lejardi, jokotan banako berdinketa ezarriz. 

Joko laburrean erabaki zen finala. Mugartegi agintzen jarri zen lehen koadroetan, eta lehen bi tantoak berak egin zituen. Zati berdindu baten ostean (2-1, 3-1, 3-2), azken bi tantoak markina-xemeindarrak eta zumaiarrak egin zituzten, markagailuan 5 eta 2 emaitza jarriz. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide