Bigarren egin du Maite Urteagak Igartza sarian

Juan Luis Romatet 2026ko martxoaren 24a

Espainiako Koparako puntuagarria den lasterketan bigarren egiteaz gain, mendiko saria ere irabazi zuen Eulen-Amenabar taldeko txirrindulari zumaiarrak. 

Beste lasterketa bat irabazteko zorian izan da Maite Urteaga txirrindulari zumaiarra pasa den asteburuan. Beasainen jokatu zuten igandean Igartza sari nagusian. Kategoria desberdinetan banatuta, ia 400 emakume lehiatu ziren Goierriko errepideetan zehar. Espainiako Koparako proba puntuagarria da Beasaingoa, eta zailenetakoa izateko fama ere badu, guztira sei mendate igo behar izaten dituztelako: Lierni eta Olaberria hirutan.

Zarauzko txirrindularitza taldeko kideak hasieratik joan ziren lasterketa kontrolatzen, eta erasora ere jo zuen. Lierniko tontorrera heltzen ari zirenean jo zuen erasoa Urteagak. Olabarriako ordekan, baina, talde handi batek harrapatu zuen. Zumaiarra ez zen kikildu, eta Olaberriako igoeran beste eraso bat jo zuen. Tontorrera bakarrik heldu zen Urteaga, baina helmugara heltzeko hiru kilometro falta zirenean Valeria Vangonenek harrapatu egin zuen, baita esprintean azkarrago izan ere. Helmuga puntuan bigarren izan zen Urteaga. Mendiko saria ere berak irabazi zuen.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide