Pasa den larunbatean abiatu zen Atharratzetik aurtengoarekin 24. aldia betetzen duen Korrika. Euskara gara lelopean ari dira gauzatzen aurtengo Korrika, eta espero zen bezala, jendetza bildu zen Zuberoko herri hartako plazan euskararen aldeko martxa erraldoiari bere babesa eta bultzada emateko. Irriibarreak nagusi ziren bertaratutakoen artean, baita malko apur batzuk ere, pozak eragindako malkoak, Korrikaren beste edizio bat irteteak eragindakoak. Martxa jendetsua datorren igandean helduko da Bilbora, Euskal Herria aldez alde zeharkatuta eta 2.174 kilometro eginda.
Atharratzeko irteeran AEKren Nazio Kontseiluko kide Bixente Claveriek adierazi zuen Korrikak Euskal Herria alderik aldera zeharkatzeak bazuela parekotasuna hizkuntza berarekin: "herri oso bat zeharkatzea, herri oso bat lotzea eta herri oso bat bizirik sentiaraztea". Gaineratu zuen euskara dela "gure identitatea", eta Korrikaren leloari so eginez, azpimarratu zuen: "Euskara gara gu, eta gu gabe ez dago euskararik".
Euskal Herriko hainbat hiri, herri eta eskualde zeharkatu eta gero, 24. Korrika bihar arratsaldeko lehen orduetan helduko da Urola Kosta eskualdera. Biharkoan, baina, kostaldeko herrietatik bakarrik igaroko da, diseinatu duten ibilbide bihurriak datorren larunbaterako utzi dituelako barrualdeko udalerriak.
Egun argiz
Duela bi urte gau beltzean igaro bazen, aurten arratsaldez pasatuko da martxa kostaldeko herrietatik. Ordu txikitan pasatzean jende kopuru politak laguntzen badu martxa, zer esanik ez arratsaldez igarotzen bada. Eguraldia lagun izatea besterik ez da falta bidean zein espaloietan jendetza biltzeko.
Aginagatik barrena helduko da lekukoa eskualdera. Aurreikuspenak betetzen badira, 14:50ean hartuko dute lekukoa Orioko eragileek. Ordurako, 1.794 kilometro eginda izango ditu Korrikak, eta Orioko lurretan beste hamar kilometro egin eta gero pasako diete lekukoa Zarauzko eragileei.
16:00ak jotzeko minutu gutxiren faltan helduko da Korrika Zarautzera. Taldea Iritatik sartu eta Araba kale osoa zeharkatuko du. Jarraian, Urdaneta kaletik Bizkaia kalera jaitsiko da, eta San Inazio kaletik Kale Nagusia hartuko du. Aurrera jarraituz, Gipuzkoa kaletik abiatuko da Jaurtakol kaleraino (Ertzainetaraino), eta hortik Nafarroa kalea hartuko du euskararen aldeko egitasmoak, jada, Getaria alderantz jotzeko. Guztira, 25 kilometro egingo dituzte Zarauzko eragileek.
Getariara 16:45ak aldera heltzea espero dute, eta zazpi kilometrotan eramango dute lekukoa getariarrek, kostako errepidean barrena joanda, Izustarri parean zumaiarrek emateko. Zumaiako hirigunera 17:20ak aldera helduko da Korrika, Etxezarreta kaletik. Moilan barrena joanda, Amaiako plaza inguruan emango du buelta, Erribera kalea zeharkatuz, Axular ibiltokia hartu eta Narrondora heltzeko. Hamasei kilometrotan eramango dute lekukoa Zumaiako eragileek, Narrondo parean Arroabekoei eman arte 17:57an. Auzora eramango dute lekukoa azken hauek, bidegurutzean Itziarrerako errepidea hartu arte.
Guztira, Orion sartuko denetik eta Arroabetik Itziar aldera joango denera arte, 66 kilometrotan eramango dute lekukoa kostaldeko herrietako eragileek.
Korrika Zumaiara heltzearekin batera, ekitaldi desberdinak egingo dituzte herrian. Hala, goizean Korrika txikia egingo dute ikastetxeetako ikasleek, eta arratsaldean musika saio desberdinak izango dira. Honakoa da biharko egitaraua:
- 11:30. Korrika txikia Talaipetik Beheko plazara.
- Arratsaldean zehar. Adarjotzaileak herria girotzen herri guztian zehar.
- 16:45. Kalejira Musika Eskolatik kofradiara, Musika Eskolako ikasleekin.
- 17:15. Korrikaren etorrera.
- 17:45. Batukada Beheko plazatik abiatuta, Zumaiako Emakumeon Etxeko batukada taldearekin.
- 18:00. Korokoiak eta Zutrik taldeen musika saioa, Estalapean. Jatekoa eta edatekoa herriko tabernarien laguntzaz.
Lekukoak
Honako eragileek eramango dute lekukoa Izustarriko puntatik Narrondora bitartean.
- 1839. Inpernupe kultur elkartea.
- 1840. Zumaiako Emakumeon Etxea eta Larraina euskara taldea.
- 1841. San Pedro Abesbatza eta Gure Esku dago.
- 1842. Astindu dantza elkartea eta Zumaiako Bertso Eskola.
- 1843. Indamendi mendi bazkuna.
- 1844. Herri Eskolako guraso elkarteak: Lubaki eta Telmo Deun.
- 1845. Zumaiako Herri Eskola.
- 1846. Otezuri zentroa, Zumaiako Gazte Asanblada eta Ernai.
- 1847. Etxape zentro sozialista, Ostarrena zine klub taldea, Urolako Komunikazio Taldea eta Pulpo.
- 1848. Zumaiako Athletic Club elkartea, GKN, Erkibe kultur elkartea eta EAJ Zumaia.
- 1849. Zumaiako Triatloi Taldea, Realaren aldeko Algorri taldea eta LAB sindikatua.
- 1850. Zumaiena ikastola.
- 1851. EH Bildu.
- 1852. Zumaiako Udala.
- 1853. Zumaiako Futbol Taldea.
- 1854. Mantzior eta Kolarre guraso elkarteak.