Xabier Azkue: "Burua martxan jartzeko primerako tresna dira gurutzegramak"

Aitziber Arzallus 2026ko martxoaren 28a

Xabier Azkue, gurutzegrama egiten. (Imanol Saiz/Bidasoko Hitza)

Egunari goizean goizik ekiten dio Xabier Azkuek (Zumaia, 1971), eta lanera sartu artean, gurutzegramak egitea du zaletasunetako bat. Hitz gurutzatuetan abila da zumaiarra, eta halaxe erakutsi zuen azaroaren 22an, Irunen (Gipuzkoa), Euskal Herriko X. Hitz Gurutzatuen Txapelketaren finalean. Bigarren gelditu zen, eta berea txapeldunordearen titulua. Urtarrileko Zumaia Guka aldizkarian argitaratutako elkarrizketa da honakoa.

Nondik datorkizu hitz gurutzatuak egiteko zaletasuna?

Beti izan naiz gurutzegramen zalea, beti izan dut egunkarietan-eta etortzen direnak egiteko joera, eta Luma denbora-pasen eta hitz jokoen hilabetekaria argitaratzen zuten garaian, han zetozenak ere egiten nituen. Hain zuzen ere, Luma aldizkaria izan zen Euskal Herriko Hitz Gurutzatuen Txapelketa antolatzen hasi zena, 2007an.

Txapelketaren hamargarren aldia izan da oraingoa. Edizio guztietan parte hartu al duzu?

Beteranoa naiz horretan, baina ez dut aldi guztietan parte hartu. Txapelketak bi aro izan ditu. 2007an egin zuten estrainekoz, eta gero, zortzi urtez jarraian, beti Irunen, hangoa zelako Luma aldizkaria. Gerora, ordea, Luma kaleratzeari utzi egin zioten, eta horrekin batera baita hitz gurutzatuen txapelketa antolatzeari ere. Duela bi urte, Korrika Irunen hasten zenez, txapelketa berreskuratzea erabaki zuen hango Aitzondo euskara elkarteak, eta erantzuna ona izan zela ikusita, iaz ere antolatu egin zuten.

Txapeldunorde gelditu zara oraingoan. Aurrez beste saririk-edo irabazitakoa al zara?

Txapelketaren lehen aroan, hainbat alditan parte hartu nuen, eta behin baino gehiagotan izan nintzen finalista. Emaitzik onena 2012an lortu nuen, irabazlearen txapela jantzita, eta urtebete lehenago, 2011n, bigarren gelditu nintzen.

Txapelduna, berriz, zure emaztea omen da...

Bai, hirugarren txapela du, gainera. Oso bizkorra da. Euskara irakasle aritzen da Ipar Euskal Herrian, eta hori abantaila da, hango hitz asko ezagutzen dituelako.

Jende askok parte hartzen al du txapelketa horietan?

35 bat lagun izaten gara, urtero antzerako kopurua izaten da, eta parte hartzaile gehienok ere berdintsuak. Azkenekoan, adibidez, 20ren bat urteko lau bat gazte berrik parte hartu dute, eta egia esan, poza ematen du aurpegi berriak, eta batez ere, gazteak ikusteak.

Txapelketarako prestaketa berezirik egiten al duzue?

Kopuru aldetik, ez, baina ondo etortzen da aurreko urteetan jarritako definizioei-eta begiratzea, batez ere, nolakoak izaten diren gogora ekartzeko. Hala ere, buruz ikasterik-eta ez dago, urtero sortzen baitituzte berriak.

Egunkari bat esku artean hartzen duzunean, zuzenean joaten al zara denbora-pasen atalera?

Ez. Gainera, normalean, ez ditut egunean eguneko gurutzegramak egiten. Behin jartzen naizean, aurreko egunetako egunkariak ere eskura izatea gustatzen zait.

Eguneko zein momentu atsegin duzu gehien hitz gurutzatuak egiteko?

Goiza. Niretzat ez dago eguna hasteko modu hoberik: goizean goiz jaiki, lasai gosaldu eta gurutzegramak egin. Burua martxan jartzeko primerako tresna dira gurutzegramak, eta eguna bat edo bi eginez hasi nezake. Gustatu egiten zaizkit.

Gurutzegramak tresna baliagarriak al dira hitz berriak ikasteko eta hiztegia aberasteko?

Egunkarian etortzen diren hitz gurutzatuetan ia beti antzeko hitzak jarri behar izaten dira. Misterio handirik ez dute izaten horiek, eta normalean, hiztegian begiratu beharrik gabe, zuzenean egiteko modukoak izaten dira. Hala ere, gerta daiteke hitzen bat asmatu ezinda gelditzea, eta horrelakoen, hiztegian edo Interneten begiratzen dut, Wikipedian edo. Tarteka ikasten dut hitz berriren bat, eta hori beti dator ondo.

Txapelketetako gurutzegramak egunkarikoak baino askoz zailagoak izaten al dira?

Hitzak baino gehiago, definizioak izaten dira bihurriagoak. Izan daitezke asmakizunak, hitz jokoak, txisteak... Azti jokatu behar izaten da. Beste hitz batzuk topatzeko hiztegietara jo behar izaten dugu, oso bereziak izaten direlako; adibidez, euskalki batean esanak.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide