Atzo, asteartez, ireki zuten 27. Zumaia Flysch Trail mendi lasterketarako izen-emateen lehenengo txanda kronoak.eus webgunean, baina "antolakuntzari ez dagokion arazo bat tarteko", bertan behera geratu zela jakinarazi dute arduradunek. Emakumeek eta ez bitarrek eman behar zuten izena atzo, eta prozesuan ezin izan zutenez bermatu pertsona guztien berdintasuna, horiei aukera berri bat ematea erabaki du antolakuntzak: ostiralean, 20:00etatik aurrera, emakumeek eta ez bitarrek izena emateko aukera izango dute berriro.
Antolatzaileek atzoko prozesua ixtea erabaki zuten arren, herritar batzuek izena ematea lortu zuten. Horiek urriaren 3an jokatuko duten lasterketan dortsala bermatuta dutela baieztatu dute arduradunek.
Halaber, beste bi egunetako izen-emateek berdin jarraituko dutela agertu dute: gaur juniorrek izango dute izena emateko aukera, 20:00etan; bihar, osteguna, gizonezkoek, 20:00etan; eta ostiralean emakumezkoek eta ez bitarrek.
Zumaia Flysch Trail mendi lasterketako antolatzaileek barkamena eskatu dute atzo gertatutakoak sortu zituen eragozpenengatik, eta arazoak edo zalantzak dituzten herritarrek info@zumaiaflyschtrail.eus posta elektronikora idatz dezaketela adierazi dute.