Errenta aitorpena euskaraz egitera animatu dituzte herritarrak

Juan Luis Romatet 2026ko martxoaren 26a

Errenta aitorpena euskaraz egiteko deialdia.

Urtez urte errenta aitorpena euskaraz egiten duten zumaiarren kopuruak gora egin duela azpimarratu du udalak. 

Errenta aitorpena egiteko garaia hurreratzen ari da, eta azken urteotan bezala, aitorpena euskaraz egitera animatzen duen kanpaina abiatu dute Zumaiako Udalak, Larraina euskara taldeak eta Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA). Izan ere, udalak azpimarratu duenez, urtez urte gora egin du errenta aitorpena euskaraz egiten duten zumaiarren kopuruak.

Hala, 2015. urtean 4.908 zumaiarrek aukeratu zuten euskara aitorpena egiteko orduan, eta 2025ean kopurua 5.720ra igo zen. Aldi berean, Foru Ogasunarekin harremanak euskaraz edukitzea aukeratu dutenak 1.076tik 1.882ra igo dira hamar urteko epean.

Aitorpena egiteko hiru aukera edo modu daudela gogoratu du udalak, eta hiruretan euskara erabiltzeko argibideak eman ditu. Autolikidazioaren kasuan, proposamena jasotzerakoan, euskaraz egin nahi dela adierazi beharko da. Mekanizatuari dagokionez, hitzordua hartzerakoan harremanak euskaraz eduki nahi direla adieraziko zaio Ogasunari. Era horretan, harremana eta sinatzeko emango den orria euskaraz jaso ahal izango da. Aitorpena Internet bidez eginda, berriz, programaren euskarazko bertsioa jaitsi daiteke, eta berariazko hizkuntza euskara aukeratu. Aholkularitzaren bat aukeratzen bada, euskaraz egitea eskatu behar zaio, eta berdin beste modu batean eginda ere.

Herritar gehienek autolikidazioko proposamenaren bidez egiten dute aitorpena. Hala ere, Udaleko Euskara Zerbitzua harremanetan jarri da errenta aitorpena egiten duten aholkularitza zerbitzuekin, aitorpen hori euskaraz egiten laguntzeko. Honakoak dira Zumaian dauden aholkularitza zerbitzuak:

  • AM aholkulariak (ainhoa.amasesores@gmail.com / 943-86 26 09)
  • Unanue aholkulariak (unanue@unanue.eus / 943-86 09 60)
  • Arin asesoria (asesoriarin@asesoriarin.com / 943-11 71 55)
  • Zumai aholkularitza (info@zumai.com / 943 86 26 24)

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide