Zumaiako Udalak iaz onartu zuen 2024 eta 2034 urteen artean indarrean egongo den euskararen plan estrategikoa, eta plan horri segimendua egiteaz nahiz ondo betetzen ari direla ziurtatzeaz arduratuko da otsailean aurkeztu zuten Euskararen Mahaia. Udalak herriko eragile guztiak gonbidatu zituen urtean birritan bilduko den batzar horretan parte hartzera, sinetsita herritarrei dagokiela euskararen inguruan hartzen diren neurrien nahiz erabakien zaindari eta berme izatea.
Euskararen plan estrategikoaren dokumentuak neurri gisa jasotzen du planari jarraipena egingo dion batzorde bat eratzea, eta batzorde horretan herritarrek parte hartzea funtsezkoa da udalaren aburuz. "Euskara plana ez da udalarena, herriarena baizik", arrazoitu du Xabier Azkue Zumaiako Udaleko euskara teknikariak, eta hain zuzen ere, horregatik erabaki zuen udalak Euskararen Mahaiaren sorrera bultzatzea. "Plana onartu dugu, eta beraz, orain denoi dagokigu hori betetzea eta betetzen ari dela ziurtatzea. Beraz, Zumaian euskara plana ondo betetzen ari dela zaintzea eta horren inguruko ekarpenak egitea dira mahaiaren funtzio nagusiak", gaineratu du.
Xabier Azkue: "Euskara plana ez da udalarena, herriarena baizik"
Euskararen planaren bueltan, dagoeneko badira bestelako bilgune batzuk –kirolaren, kulturaren eta euskararen transmisioaren inguruan bilera bana egin dituzte orain arte–, gai zehatzagoen gainean jarduteko. Euskararen Mahaiak, ordea, batzorde orokorraren funtzioa beteko du; horregatik bilduko da soilik urtean birritan. "Bi saio horietan euskarari lotuta zer egin dugun, zer egin beharko genukeen eta orokorrean nola gabiltzan aztertzea da asmoa. Gai zehatzagoak beste era batera koordinatuta landuko ditugu: izan daiteke bilguneetan edo udalaren eta euskara elkarteen artean lankidetzan", sakondu du Azkuek.
Ordezkaritza zabala
Euskararen Mahaiak "ahalik eta ordezkaritzarik zabalena izan zezan", Zumaiako eragile guztiei egin zien udalak parte hartzeko gonbidapena. "Garbi genuen udalak hor egon behar zuela, eta euskararekin lotutako elkarteek ere bai, esate baterako, Larrainak eta euskaltegiak. Baina, horiez gain, beste alorretako elkarteak ere gonbidatu ditugu. Aukeratzea zaila egiten zitzaigunez, erabaki genuen guztiak gonbidatzea. Nahi duguna da euskararen inguruko lanketa ez izatea soilik euskara elkarteek, euskara zerbitzuak eta udalak egindakoa", nabarmendu du Azkuek.
2025eko udazkenean herriko hainbat talderekin bilerak egin zituzten, eta "oso erantzun ona" jaso zuten Azkueren esanetan; izan ere, euskara bultzatzeko prest zeuden 25 bat lagun azaldu ziren mahaiaren lehenengo bilerara, "asko eta askotarikoak". Otsaileko lehenengo astean batzartu ziren udaletxean, eta izaera nahiz alor desberdinetako eragileetako ordezkariak izan ziren bertan: euskarari lotutako eragileak (tartean UEMA), guraso elkarteak, ikastetxeak, hedabideak, kirolari nahiz kulturari lotutako taldeak, gazteak, udaleko ordezkari politikoak eta teknikariak... Eragileetako ordezkariek esku artean dituzten proiektuen berri eman zuten batzarrean, eta hobetzeko zenbait proposamen trukatu zituzten. Aurrerantzean ere mantenduko duten dinamika horrek, Azkueren ustez, euskarari lotutako proiektuak "mugimenduan" daudela ikusteko balio du.
Haren esanetan, emankorra izan zen Euskararen Mahaiaren lehenengo batzarra: "Guztiek adierazi zuten parte hartzen jarraitzeko gogoa zutela, eta poztekoa da hori". Alta, horrek ez du esan nahi euskara planari segimendua egingo dion mahaiko parte hartzaileak finkoak direnik, hau da, interesa duten eragileek datozen bileretan parte hartzeko aukera izango dute. "Gutxieneko ordezkaritza bat ziurtatuta, mahai irekia izatea nahiko genuke, eta guztiek sentitzea partaide direla, jakitea beraiei ere badagokiela planaren segimendua egitea, ekarpenak egitea, ideiak proposatzea eta elkarlanean aritzea, horixe baita mahaiaren helburua", agertu du euskara teknikariak. "Udala eta euskara elkarteak ez dira leku guztietara iritsiko –gaineratu du–; horregatik, guztiok batera hobetzeko modua topatzen badugu, mahaiaren funtzioa beteta egongo da".