Marokoko Pro Taghazout Bay txapelketa irabazi berri du Janire Gonzalez-Etxabarri surflari zumaiarrak, Alys Barton ingelesa garaitu ondoren. Zumaiarrak surfaldi ederra eskainita, 14.83 puntu (8.00 + 6.83) eskuratu ditu, eta ingelesak ezin izan du ezer egin, nahiz eta fin aritu den; honek 11.33 puntu lortu ditu (7.00 + 5.33).
Hiru aldiz junior mailan Europako txapeldun izan ostean, orain absolutu mailako titulua lortu du Gonzalez-Etxabarrik. Maria Salgado portugaldarra zuen aurkari zuzena sailkapeneko lehia horretan, baina ez zuen egunik onena izan finalerdietan eta gaur finalean aritu den Alys Bartonek nagusitasun osoz irabazi zion.
Bestalde, Adur Amatriain zarauztarrak ere balentria bera egin du. Pro Taghazout Bay txapelketa irabazi beharra zeukan Europako txapeldun izateko, eta halaxe egin du: 13.40 punturekin (6.80 + 6.60) nagusitu zaio Lanzaroteko (Espainia) Conor Donegani; horrek, berriz, 12.10 puntu (6.80 + 5.30) lortu ditu.
Txapelketa benetan borobila osatu du Amatriainek, eta jokatu dituen kanporaketa guztietan gailendu da. Sailkapenean lider zihoan Guilherme Ribeiro portugaldarra kanporatu zuen, eta finalerdietan Justin Becret frantsesa garaituta, jada, bermatuta zuen lehen postua. Beraz, txapelketa irabazteaz gain, Europako txapeldun berria da zarauztarra.