Apirilaren 30etik maiatzaren 3ra bitartean udaberriaren koloreekin jantzita egongo den Iratiko oihana ezagutzeko aukera izango dute herritarrek Indamendiren eskutik. Lau eguneko irteera antolatu du Zumaiako mendi bazkunak, eta hiru tontor zapaltzeko aukera izango dute txangoan parte hartzera animatzen direnek: Orhi, Abodi eta Okabe. Apirilaren 15era arte egongo da izena emateko aukera.
Ostegunean, apirilaren 30ean, 17:00etan abiatuko da Indamendik antolatutako autobusa Kantauri plazako autobus geltokitik, baina Arroabean edo Arroako bidesarian geratzeko aukera ere egongo da, betiere antolatzaileei aurretik abisatuta. Autobusak Otsagabiara eramango ditu herritarrak, hiru gauak igaroko dituzten Nafarroako herrira.
Hurrengo egunean, ostiralez, egingo dute lehenengo mendi irteera. Bagargitik abiatuta, Orhi mendia (2.019) igoko dute, eta Larraineko mendatean amaituko dute txangoa, 17 kilometroko eta 1.200 metroko desnibel positiboa dituen ibilbidea osatuz. Hala ere, nahi duenak ibilbide motzagoa egiteko aukera izango duela jakinarazi dute antolatzaileek.
Larunbatean Abodi mendira (1.531 metro) abiatuko dira. Hiribiden hasiko dute bidea, eta Pikatuan amaitu. Guztira, 23 kilometro eta 880 metroko desnibel positiboa izango ditu bigarren eguneko ibilbideak.
Igandean, etxerako bidea hartu aurretik, Nafarroa Behereko Okabe tontorra (1.466) ezagutzeko aukera izango dute mendizaleek. Iratiko etxeetan hasiko dira oinez, eta Pedro Irati jatetxean amaituko dute txangoa, 14 kilometroko eta 670 metroko desnibel positibodun ibilbidea osatuta.
Izena emateko
Indamendik antolatutako irteeran izena emateko beharrezkoa izango da mendian federatuta egotea edo aseguru pribaturen bat izatea. Indamendiko bazkideek 260 euro ordaindu beharko dituzte, eta bazkide ez direnek 300 euro. Adin txikikoentzako salneurria, berriz, 220 eurokoa izango da.
Izena emateko, mendizale bakoitzak ES27 3035 0037 44 0370007083 (Laboral Kutxa) kontuan egin beharko du dagokion diru sarrera.